Lasarte-Oria ONCEren kupoietan

Txintxarri Aldizkaria 2007ko azaroaren 5a

ONCE erakundeak Lasarte-Oriari dedikatuko dio azaroaren 7ko kupoia. Aipatu kupoia, ONCE-k 10.000 eta 25.000 biztanle bitarteko udalerriei dedikatzen dien bildumaren zati da.

Javier Elizondo ONCE erakundeko ordezkari modura eta Ana Urchuegia eta Fernando Eskoriaza Udal ordezkariek aurkeztu zuten asteazkenean Lasarte-Oriako irudia daraman kupoia. Eskerrak eman ondoren, komentuaren irudiak Lasarte-Orian duen esanahia azpimarratu zuen alkateak. Jarraian, ONCEko ordezkariak kupoiaren nondik norakoak eman zituen aditzera. Aurkezpen ekitaldia amaitzeko, bi erakundeek opariak trukatu zituzten. Udalaren aldetik, udalerriaren historiari buruzko Antxon Agirresorondoren bi liburu eta Zero Setteren CDa oparitu zizkion alkateak. Javier Elizondok, bestalde, kupoiaren plantxa originala oparitu zion alkateari. Honek, “biltzar aretoan zintzilikatuko” duela azaldu zuen.

Bost milioi kupoi
Lasarte-Oriako kupoiak Brigitarren komentuko irudia darama herriko armarriarekin batera. Biztanle kopurua eta lurraldearen neurria ere agertzen dira. Kupoi hauetako bakoitzetik 50 serie argitaratuko dituzte 00000tik 99999ra. Hortaz, bost milioi kupoiek Lasarte-Oriako irudia eramango dute. Kupoiak, ONCEko 22.000 saltzailek banatuko dituzte 1,5 euroren truke. Kupoiaz salduz lortzen den diruaren % 3 ONCE fundaziora bideratuko dute.