Urtero legez, Manuel Lekuona Kultur Etxeko aretoan Tolosako Abesbatza Lehiaketako partaide bat izan dugu. Aurten, berezitasun batekin, haurren norgehiagokan parte hartu duen Girls’ Choir of Old Town Music House nesken abesbatza izan dela. Bertara gerturatu zirenek maila handiko ahotsak entzuteko aukera izan zuten.
Kontzertua Cyrillus Keerken Wake up my heart abestiarekin hasi zen eta abesbatza entzuleen inguruan kokatu zen, hauek musikan murgilduz. Ostean musika liturgikoa jorratu zuten, Michael Headen Ave Maria, Mozarten Laudate Domini eta O come, let us sing Egil Hovlandena. Folklore eta estoniako konpositore modernoen abestiak etorri ziren jarraian, hala nola, Veljo Tormisen Kurb Laulik eta Käsikivimäng edo Ode of love.
Pianoaren laguntzaz, abesbatzak era paregabean jorratu zituen abestiak. Arazoak alde batera utziaz, solista urduria eta abesbatzaren kopuru murrizketa beroa zela eta, kontzertuak aurrera egin zuen eta Tolosan gogor lehiatuko direla erakutsi zuten.
Honetaz gain, aurkezpenetan abestien gaia azaldu eta Estoniako musika eta bizitza koraleko datuak eskaini zituzten.
Kontzertuari amaiera eman baino lehen, Jone Altunak, kultura batzorde buruak, oroigarria eman zion Maarja Soone zuzendariari eta abesbatzak agur bezala, Javi Bustoren Lafa-Lafa abestia eskaini zuen euskararen erabilera harrigarria erakutsiaz.
Abesbatzaren datuak
Girls’ Choir of Old Town Music House 40 neskez osatutako haur abesbatza dugu eta Maarja Soone dugu bere zuzendaria. 1993an, Tallinngo Vanalinna Hariduskolleegium zentroko ikasle batzuk batuz sortutako abesbatza dugu.
Estoniako hiriburua, Tallinn oso ezaguna da maila goreneko hainbat abesbatza izateagatik, hala nola, the National Male Choir, the Philharmonic Chamber Choir, the Tallinn Boys Choir, the children’s choir Ellerhein edo gure artean dugun Girls’ Choir of Old Town Music House. Horregatik, abesbatza honek hainbat bira egin ditu Europan zehar, hala nola, Finlandia, Suedia, Hungaria edo Norvegiara.
Girls’ Choir of Old Town Music House abesbatzak hiru talde ditu gaur egun lanean, bi hastapeneko abesbatzak dira eta bestea kontzertutako abesbatza. Abeslari guztiak Old Town Music Schooleko ikasleak dira eta honi esker abesbatzak urte askorako jarraipena izango du.
Errepertorioari dagokionez, ardatz nagusia garai desberdinetako musika liturgikoa, Estoniako abesti herrikoiak eta Estoniako konpositoreen musika originalak dira. Honela, Estoniako zenbait konpositoreen lanak estreinatu dituzte, Mart Siimer, René Eespere edo Mirjam Tallyrenak, esate baterako.
Honetaz gain, 2006an abesbatzaren lehen diskoa argitaratu zen: “A Herd Boy’s Day” izenekoa eta bertan Cyrillus Kreeken eta Veljo Tormisen konpositore estoniarren lan herrikoiak daude.
Lehiaketa
Girls’ Choir of Old Town Music House lehengo ostegunean, azaroaren 1ean, lehiatu zen Tolosako abesbatzen lehiaketako haurren sailan. Goizeko 11:00etan izan zen eta lehiakideak Kanadako Cantilon Chamber Choir, Vörösmarty-Erkel Children’s Choir Hungariako abesbatza, Moskuko Pedagogia Musikaleko eskolako abesbatza eta Euskal Herriko bi abesbatza, Errenteriako Orereta abesbatza eta Gasteizeko Luis Dorao Unamuno abesbatza izan ziren. Abesbatzak eskainitako abestiak O come, let us sing Egil Hovlandena, Michael Headen Ave Maria, Lafa-Lafa Javi Bustoren kanta, Veljo Tormis konpositore estoniarraren Kurb Laulik eta Käsikivimäng eta obra behartu bezala, Junkal Guerrero Lasarte-Oriako Musika eskolako irakasle ohiaren Bi Bihotz izan ziren.