Azaroak 1, lasarteoriatar asko herritik kanpo egongo da lau eguneko zubia dela eta. Baina bertan geratzen den jende ugari Santu Guztien eguna ospatzen ari da.
Eguraldia lagun, ez da harrigarria Lasarte-Oriatik Illarraltzueta hilerrirako bidea kotxez, zein oinezkoez betea ikuste, hauek guztiak gure artean ez dauden pertsonei agur egitera baitoaz.
Hala ere, festa eguna izanik, badago lanean dagoen norbait. Urtero legez, Ormazabal loradendako kideak hilerriko atean baitaude azken orduko eskariak bete nahian.
Prestaketa handia
Goizeko 8:10etan iritsi dira hilerrira eta esan digutenez, dagoeneko bi pertsona bere zain zeuden. Beraz, goiz hasi dira lanean.
Hala ere, lan hori prestatzen lehenago hasi dira, astelehenetik lanean baitaude. “Hilerrian saldutakoaz gain, dendan prestatutako lore sortak eta lore zentroak ere kontuan izan behar dira, baita aurreko lana ere, loreak eta lore-ontzien eskaerak egin, esate baterako,” esan digu Ramon Ormazabalek.
30 euroko gastua
Ormazabaleko kideek esan digutenez, lore zentroak izan dira gehien saldu direnak eta bere kalkuluen arabera lasarteoriatarrek loretan, bataz besteko 30 euro gastatu ditugu.
Loreei dagokionez, ohiturazko krabelinak, krisantemo eta ezpata-loreez gain, aurten arrosa asko saldu dela esan digute Ormazabalekoek.
Honetaz gain, kolore hautatuenak gorria eta zuria izan dela aipatu digute. Eta berezitasun bezala, kolore askotako arrosak eskatu dituztela, hala nola, horiak edo fuksiak.