Euskara Elkarteen ibilbidea

Txintxarri 2007ko azaroaren 5a

Datorren urtean AEDren zilar ezteiak ospatuko ditugu Arrasaten. Euskara Elkarte honen sorreran aritu zirenek nekez aurreikusiko zuten orduan erditutakoak hartuko zuen gorpuzkera, ezta 25 urte bete dituen gazte honek garatuko zuen nortasuna. Herri mailako elkartea, euskaldunentzat bilgune, euskaraz bizitzeko aukerak irabazten eta euskararen erabilerari tokia egiten urtez urte txindurri lanean aritu da. Herriko beste eragileekin elkarlanean aritzeko bokazioaz, euskararen berreskurapenean zentratuta bazkideen aniztasuna izan du oinarri, adinez, pentsaeraz, lanbidez zein afizioz ezberdin zirenak batuz eta euskararen aldeko borondateak gehituz. Euskaldunon ahuldadea ezagututa, alferrikako eskakizunak albo batera utzi eta Arrasateko euskaldunek behar zituzten zerbitzuak Euskara Elkartetik bertatik sortzeari ekin zioten AEDko bazkideek. Hori guztia behar zen tokian exijitu beharrekoa exijituz, eta bereziki udalaren inplikazioa, laguntza eta elkarlana bilatuz. Pentsamendu eraikitzaile hau garatzen AED aitzindari izan zen eta ordutik Euskal Herrian ehundik gora Euskara Elkarte sortu dira. Hauen arteko gehienak Topagunean batu dira eta federazio honek ere 10. urteurrena ospatzen du aurtengoan bere 90 bazkideekin batera. Euskara Elkarteak ekintzaileak izan dira beti eta "egiten" egin dute bidea, horren erakusle dira egun hain ezagunak ditugun hainbat ekintza programa: haur eta gazteen aisialdia euskalduntzeko plangintzatan kokatzen diren programak, entitateak euskalduntzekoak, tokiko hedabide euskaldunak sortzen egindako ahaleginak, herrietako kultur dinamikak aberasteko ekimenak, mintzapraktika programak etab. Euskara Elkarteen sareak osatzen duen mugimendua gaztea da eta gazte izanagatik sortzaile sutsuak izan dira Euskara Elkarteak. Horietako bakoitzak berea eman dio mugimendu honi, lan egiteko moduetan, esparru berriak jorratzen, ekintza originalak sortzen,… sare honen ezaugarri aberasgarrienetakoa aniztasuna delarik. Tokian tokiko ezaugarriei atxikiak, egoera berriei egokitzen asmatu beharrean aurkitu dira Euskara Elkarteak eta elkarren arrimura, esperientziak elkartrukatzen Euskal Herri mailako mugimendu erreferentziala osatzen dute euskararen erabileraren sustapenean. Mugimendu gazte honek mende laurdenean sortutakoa ez da ahuntzaren gauerdiko estula: 90 Euskara Elkarte federatu, 300 langiletik gora, 10.000 bazkide baino gehiago, 50 tokiko hedabide, 40 mintzapraktika programa, ehunka kultur ikuskizun, tailer, lehiaketa, bertso-eskola eta jaialdi herriz herri, elkarteak, saltokiak eta ostalaritza euskalduntzeko hamaika programa… horiek denak euskararen erabilera areagotzeko helburuaz antolatuak. Euskara Elkarteen mugimenduaren gaztaroan egin dira horiek guztiak, baina 25 urterekin motxilan gaztaroa atzean utzi eta garai berriei heldutasunez heltzeko momentua izan daitekeelakoan nago. Heldutasunez lan egiteak eskarmentuak emandako ezagutzaz lan egitea esan nahi du eta baita egin denaren jabe izanik egin nahi denaren kontzientzia garbia izatea ere. Etorkizun horri heltzeko gogoeta garaia da hau, hainbat eta hainbat Euskara Elkartetan ematen ari dena eta federazioaren bidez bereziki, Topaguneak azaroaren 23rako Donostian antolatu dituen jardunaldietan jorratu nahi dena. Aurreko lerroetan gogora ekarri dut Euskara Elkarteek zerbitzugintzan jorratutako bidea. Euskaraz mintzatzekotan horretarako aukerak behar ditugu euskaldunok eta horiek sortzen nahikoa lan izan dugu eta jarraituko dugu izaten. Hala ere, hori ez dela nahikoa ere badakigu. Euskaraz hitz egiteko aukera izateak ez du bermatzen horretarako motibatuta egotea, euskaraz hitz egitekotan horretarako gogoa izan behar dugu eta gogoa izatea norbanakoaren mundu psikologikoan oso gorabeheratsua eta hauskorra den kontzeptua da. Euskara Elkarteen heldutasun aroan sormenean ez ezik, giza psikologian sakondu eta horiek aintzakotzat hartuz gure diskurtsoak eta mezuak berritu eta landu beharko ditugula uste dut. Euskara Elkarteen ekintzatan erakargarritasuna ezinbesteko ezaugarria den moduan, mezuetan eta diskurtsoan ere horretan asmatzen izango dugu erronka. Mezu eta diskurtso hutsek ez dute balioko, lehenik eta behin euskarazko kultur adierazpideak "izan" izan beharko du erakargarri eta horretan sortzen, berritzen eta eredu gozagarriak eskaintzen izango dugu lanik. Baina ondoren, eta hementxe dugu erronka, egiten dugun hori komunikatzen asmatu behar dugu. Euskaraz bizi nahi dutenengana heldu behar gara, gune sinboliko honen baitan sortuko baitira euskarazko kultur adierazpide eta dinamika berriak. Era berean, euskaldunak izanik erdal kulturan murgilduta bizi direnei euskaraz bizitzea posible dela eta gozagarria dela adierazteko behar beste zirrikitu eta aukera bilatu beharko ditugu. Euskal Herri honetan euskaraz oraindik ikasi ez dutenei eta baita ikasiko ez dutenei ere nor garen eta zer nahi dugun adierazi beharko diegu, euskaldunok ikusezinak izateari utziko badiogu. Gure hizkuntza komunitateak aurrera egingo badu, bertako erdal komunitateen konplizitatea eta aldekotasuna ere beharko duelakoan nago eta hortik urrun samar gaude oraindik. Honetan guztian Euskara Elkarteek ez ezik euskalgintza osoak esku bete lan dauka.

Jasone Mendizabal
Topaguneko Zuzendaria