Galderak eta eskaerak zen gaurkoan Udalbatzarrak eguneko gai zerrendan zuen gai bakarra eta hasi, hasi bada ere, Ana Urchuegiak eten egin du. Arrazoia, interneteko “you tube” web orrialdean agertzen diren eta guztion ahotan dabiltzan Somotoko irudien harira gertatutako liskarra.
Aipatu bideoetan esandakoari eta erakutsitako jarrerari buruz LOHP alderdiko Ana Prietok alkateari azalpenak eskatu dizkionean hasi da eztabaida. Bere bizitza pribatuari buruz inolako azalpenik eman beharrik ez duela izan da alkatearen erantzuna, “oporretan bainengoen eta ez Udaletxeko ordezkari gisa”.
Liskarra
Bide horretatik ez jarraitzeko eta udaleko gaietara mugatzeko eskatu dionean eztabaida eta liskarra areagotu dira. EAJko Estitxu Alkortak, Somotokoa ekitaldi publikoa izan zela eta aipatzen duen dirua patrimonio pertsonalekoa den galdetu dio. Gai horrekin jarraitzea ez duela baimenduko eta bideoan aipatzen den dirua ez dela “udal baliabidetatik” ateratakoa berretsi du alkateak.
LOHP eta EAJ alderdietako bi ordezkariek gaiarekin amaitzeko inolako asmorik ez zutela eta argibideak eskatzen jarraitzen zutela ikusiaz, alkateak eten egin du bilkura eguneko gai zerrendarekin jarraitzeko “baldintza egokirik” ematen ez dela argudiatuz.
Gaurko “ikuskizunarekin” amaitzeko, PSE, LOHP eta EAJ alderdietako zinegotzien arteko eztabaida berotzen joan da eta Udaletxeko batzar aretoan ziren oposizioaren aldeko zenbait herritarrekin ere hika mika izan da.
Horrela amaitu da atzoko bilkura eta esan beharrik ez dago, ez dela galdera gehiago ez erantzunik izan.•