“Irakaskuntza ahaztu gabe kontzertuak indartzea da gure helburua”

itziar-carrasco 2007ko azaroaren 9a

Iñigo Peña irakasle bezala 19 urte daramatza Udal Musika Eskolan, eskola sortu zenetik, alegia. Aurtengo ikasturtean eskolako gidaritza hartu du eta honen inguruan aritu gara Iñigorekin.

Zein da Udal Musika Eskolaren helburua?
Bi ildo jorratzen ditugu, batetik irakaskuntza indibiduala eta bestetik taldekakoa. Irakaskuntza, klase teorikoak, oso garrantzitsuak dira, baina jendearen aurrean jotzea beharrezkoa da, eta hau da aurten indartu nahi duguna, hots, irakaskuntza ahaztu gabe kontzertuak indartu. Ikasle eta irakasleentzako jendearen aurrean jotzea askoz ere aberasgarriagoa da. Beraz, aurtengo ikasturteko helburu nagusiak bi dira: batetik, eskolan daukaguna indartu eta bestetik, zuzeneko emanaldiei indar gehiago eman.

Beraz, non entzun ditzakegu eskolako musikariak?
Orain artean parte hartu dugun ekintzetan parte hartzen jarraitu nahi dugu: Lasarte-Oriako literatur lehiaketan, kultur etxean Santa Zezilia egunean eskaintzen dugun kontzertuan, gabonetan Brigiden komentuan Alboka Txikiarekin batera urtero egiten dugun kontzertua, Euskararen Maratoian ere beti parte hartu dugu eta hurrengo urtean hor egotea ere espero dugu, Andoaingo piano jaialdian, Elgoibarko talde instrumentalen lehiaketan... Jendearen aurrean jotzea, batetik motibatu egiten du eta bestetik eskarmentu bezala oso ona da. Azken finean, musika jendearen aurrean jotzeko da eta uste dut musikari guztiei gustatzen zaiguna dela.

Nola lantzen duzue musika eskolako txikienekin?
Txikienak musika txokoan aritzen dira. Jokoen bitartez irakasten zaie, joko musikalen bitartez gerturatzen dira musikara beraz. Hauek ere kontzertuetan parte hartzen dute, inauterietan eskaintzen dugun kontzertu bufoan, esaterako: mozorrotu egiten ditugu eta perkusio instrumentuekin hasten dira urratsak ematen, erritmoak ezagutzeko. Perkusioa ez dugu bakarrik txikiekin erabiltzen, hasi berriekin ere. Musika irakasteko metodologia asko aldatu da nik musika ikasten hasi nintzanetik, beste modu batera ikasten genuen.

Zein musika mota lantzen duzue eskolan?
Eskolan hainbat estilo desberdin erakusten diegu (herrikoia, rock, folk, jazz...), ez bakarrik klasikoa, askok pentsatzen duten bezala. Eta hauek lantzeko instrumentu gehiago eskaintzea gustatuko litzaiguke, baina ez dago gure esku. Beraz, momentuz, eskolak dituen instrumentuak jo ditzakete: pianoa, akordeoia, txistua, trikitixa, tronpeta, flauta, bibolina, gitarra elektrikoa... Saxofoia eta klarinetea egotea gustatuko litzaiguke adibidez.

Ikasleek zein instrumentu nahiago dute?
Musika hezkuntzan hasi aurretik, 7 urteko ikasleek ikasturte osoa pasatzen dute instrumentu desberdinak probatzen, hemen eskaintzen zaizkienak eta askok gitarra elektrikoa jotzen ikasi nahi dute. Duela urte batzuk eskolako ikasleen artean inkesta bat egin genuen zein instrumentu jotzea gustatuko litzaiekeen jakiteko eta harritu ginen saxofoia, perkusioa eta biolontxeloa atera zirelako. Azken finean, ikusten duzu jendeak hemen ez dauden instrumentuak jo nahi dituztela eta pena da, askok inguruko herrietara beste instrumentuak jotzen ikastera joan behar izan direlako.•