Zero Sette Akordeoi Orkestrak ikasturteari gogoz ekin dio, kontzertu agenda lepo du eta. Frantziako Orkestraren 50. urteurreneko ospakizunetan parte hartu du Lasarte-Oriako orkestrak Freyming-Merlebach herrian, urriaren 27 eta 28an, Jerny Dolanc Orkestrarekin batera. Azken hauek Lasarte-Oriako Akordeoi Jaialdian egon ziren duela bi urte. Frantziatik bueltatu eta hiru egunetan zehar Caceresen hiru kontzertu eskaini dituzte, esan bezala. Elías Goikouria, Zero Sette Akordeoi Orkestrako zuzendaria, pozik azaldu da bidai honen bueltan jotzen aritu diren aretoak entzulez gainezka egoteaz gain, berotasunez txalotu baitzituzten lasartearrek eskainitako saioak: “Hiru kontzertuetan 1.400 lagun biltzea lortu dugu. Lehenengo kontzertua Cacereseko hiriburuan egin genuen, bigarrena Plasenziako Alkazar Antzokian eskaini genuen eta hirugarrena Coriako katedralean. Kontzertuak amaitu ondoren aretoan zeuden entzuleak zutitu eta txaloz eskertzen zuten orkestrak eskainitako lana”.
Musika-lan anitza
Zero Sette Akordeoi Orkestrak hamaika musika-lan anitzaz osatutako saioa eskaini du Cacereseko hiru hirietan. Musika-lanen artean “Danza del Sable” “Guillermo Tell”, “Brasilia” eta hain ezaguna den “La Boda de Luis Alonso” jo zituen Lasarte-Oriako orkestrak. Jose Antonio Mercerok, Zero Sette Orkestrako aurreko zuzendariak, sortutako lana “Pozik eta Txori Saltaria” jo zuten ere Erketzeko bi dantzarien laguntzaz, David Egizabal eta Olatz Begiristain. “Caceresen, Plasentzian eta Corian aretoa zutitu eta denak batean orkestra, zuzendaria eta dantzariak gogoz txalotu zituzten”, azaltzen du Elías Goikouria zuzendariak, “baina, hau ez da guztia, saioa bukatu eta gehiago eskatzen zuten eta “Ragón Falez” pasodoblea jotzea erabaki nuen, baina honekin ez zuten nahikoa eta amaiera gorena emateko “El Redoble”, cacereseko jota adierazkorrena jotzea erabaki genuen. Entzule guztiak zutiturik eta txaloekin orkestra lagundu zuten. Emanaldi ahaztu ezinak izan dira.