Gaur hasita, Xirimiri Kulturala ostiralero

Txintxarri Aldizkaria 2007ko azaroaren 9a

Xirimiri elkarteko kultura lantaldeak martxa hartu du berriro ere eta prestatu duten egitasmoaren nondik norakoa aditzera emateko aurkezpen ekitaldia egingo dute gaur 18:30ean Xirimirin.
Kontatu digutenez, hilero ekitaldiak antolatzea dute helburu eta hitzaldiak, bideo-emanaldiak eta kontzertuak iragarri dituzte, besteak beste.
Ekimenaren sustatzaileek adierazi bezala, “Xirimirin nahiz udalerrian kultur ikuspegia jorratu nahi dugu, beti ere, ohikoa eta nagusi ez den perspektiba alternatibo batetik”.

Azaroko programazioa
Gaur abian jarriko duten egitasmoak jarraipena izango du hileko ostiral guztietan. Gaur, aurkezpenarekin batera, “Kontrainformazioa” izenburua eman dioten gaia landuko dute eta horretarako Gaztesarea eta Rebeldemule kolektiboetako kideak gonbidatu dituzte.
Datorren ostiralean “The corporation 1” filma eskainiko dute eta ondoren moderatutako eztabaida bideratuko dute “Globalizazioa Euskal Herrian eta gure inguruan. Fenomeno berriak eta eraginak” gai hartuta.
Hilaren 23rako hitzaldia iragarri dute. “Inperialismoa munduan: hainbat adibide” izenburupean, Euskal Herrian Coca-Colari ez! ekimeneko kideak ariko dira.
Azaroko ekitaldiekin amaitzeko, Ania musika taldearen kontzertua izango da. Ekitaldi guztiak arratsaldeko 18:30ean hasiko dira Xirimiri elkartean.