Galderak eta eskaerak zen atzokoan Udalbatzarrak eguneko gai zerrendan zuen gai bakarra eta hasi, hasi bazen ere, Ana Urchuegiak eten egin zuen. Arrazoia, interneteko “you tube” web orrialdean agertzen diren eta guztion ahotan dabiltzan Somotoko irudien harira gertatutako liskarra.
Aipatu bideoetan esandakoari eta erakutsitako jarrerari buruz LOHP alderdiko Ana Prietok alkateari azalpenak eskatu zizkionean hasi zen eztabaida. Bere bizitza pribatuari buruz inolako azalpenik eman beharrik ez duela izan zen alkatearen erantzuna, “oporretan bainengoen eta ez Udaletxeko ordezkari gisa”.
Liskarra
Bide horretatik ez jarraitzeko eta udaleko gaietara mugatzeko eskatu zionean eztabaida eta liskarra areagotu ziren. EAJko Estitxu Alkortak, Somotokoa ekitaldi publikoa izan zela eta aipatzen duen dirua patrimonio pertsonalekoa den galdetu zion. Gai horrekin jarraitzea ez zuela baimenduko eta bideoan aipatzen den dirua ez dela “udal baliabidetatik” ateratakoa berretsi zuen alkateak.
LOHP eta EAJ alderdietako bi ordezkariek gaiarekin amaitzeko inolako asmorik ez zutela eta argibideak eskatzen jarraitzen zutela ikusiaz, alkateak eten egin zuen bilkura eguneko gai zerrendarekin jarraitzeko “baldintza egokirik” ematen ez zela argudiatuz.
Atzoko “ikuskizunarekin” amaitzeko, PSE, LOHP eta EAJ alderdietako zinegotzien arteko eztabaida berotzen joan zen eta Udaletxeko batzar aretoan ziren oposizioaren aldeko zenbait herritarrekin ere hika mika izan zen.
Horrela amaitu zen atzoko bilkura eta esan beharrik ez dago, ez dela galdera gehiago ez erantzunik izan.•