Kantxatik, euskarazko hiruhilabetekari berria

Txintxarri Aldizkaria 2007ko azaroaren 9a

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 'Kantxatik' aldizkaria kaleratu berri du. Euskal pilotaren inguruan euskara hutsean idatzitako lehendabiziko hiruhilabetekaria da eta hainbat hutsune betetzeko itxaropenez jaio da.

Txintxarri
Gipuzkoan euskal pilota gaitzat duen argitalpenik ez dagoela eta euskaraz argitaratzen dena, gainera, oso urria dela kontutan izanda eta “euskara eta euskal pilota estuki lotuta daudenez, gure herriaren eta historiaren parte direlako, euskaraz euskal pilotaren inguruko berriak” argitaratzeko helburuarekin Kantxatik aldizkaria sortu dute.
Bestetik, pilota afizionatuari merezi duen lekua aitortu nahi diote. Emakumeak, haurrak, pilota eskolak, elkarteak, afizionatuak… hauei guztiei ahotsa eman nahi die argitalpenak. Dena den, pilota profesionalak ere izango du bere lekua. Era berean, euskal pilotaren espezialitate guztiak jorratu nahi dituzte, denei garrantzi bera emanez.
Hiruhilabetekaria izango da Kantxatik, 20 orriko argitalpena da, dena koloretan eta denboraldi bakoitzean lau zenbaki. Lehendabizikoa dagoeneko jaso dute harpidedunek, bigarrena urtarrilean, hirugarrena apirilean eta laugarrena uztailean banatuko dituzte.

Harpideduna egiteko
Harpidetza bidez banatuko da: 10 euro ordainduta, zuzenean etxean jasoko da. Harpidedun egiteko hainbat bide dago: www.gipuzkoakoeuskalpilota.com webgunean dagoen harpidetza orria bete eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federaziora bidali (Anoeta pasealekua, 5. Kirol Etxea. 20014-Donostia), edo kantxatik@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali norberaren datuak emateko. Zalantzak argitzeko ere helbide honetara jo daiteke, edo 943 47 14 63 telefono zenbakira deitu.•