“Antolatu gabeko bidaia zirraragarria da”

Nerea Eizagirre 2007ko azaroaren 9a

Urteak egin ditu Hoki dendan lanean. Orain disfrutatzeko astia du Ilu Amondarainek. Horregatik 5 hilabeteetako bidaia egin du Hego Amerikako hainbat herrietan zehar.

Nolatan joan zara 5 hilabetetan Hego Amerikara?
Beti esan izan nuen Hego Amerikara joatekotan, hilabete bat baino gehiago joango nintzela. Lagun batek joan behar zuela eta, ni animatu nintzen.

Zer egin duzue bertan?
Laguna GKE bateko kidea da eta Bolivian dauzkaten proiektuak ikustera joan zen begirale gisa. Honela, lehenengo asteak Santa Kruzen egin genituen, bertan haurrak eta emakumeak laguntzeko proiektuak baitaude.
Aurrerago La Pazera joan ginen eta zentro batean hilabete egon ginen. Han haurtzaindegian eta medikuntza eta dentista kontsultorioan laguntzaile lanetan ibili ginen. Hau bukatzean bidaiari ekin genion.

Nondik ibili zarete?
Bolivian gehien bat, Perun bi aste igaro genituen. Baina Kolonbiara ere ihes egin genuen eta azkeneko asteak Buenos Airesen eta Uruguayen egin genituen.

Leku pila ikusiko zenituzten, beraz?
Gehiegi. Perún gauza asko ikusi genituen eta lasaitasunez gainera, hala nola, Cusco, Machupicchu, Bailara Sakratua edo Pisac. Pisco ere bisitatu genuen, lurrikara baino aste batzuk lehenago. Arequipan Colcako Bailarako ibilaldia egin genuen eta Condorraren hegaldia ikusi. Titicaca lakuan ere ibiliak gara Peruko aldean Puno herrixkan eta Uros, Taquile eta Amantine irlatan eta Bolivian Sol irlan. Izugarri polita da.
Bolivian Uyuniko gatzeko lakua, La Paz, Sucre, Potosi eta herrixka pila. Kolonbian, berriz, Bogota, Medellin, Cartagena de Indias eta Itsaso Bare eta Karibeko irlak bisitatu genituen.
Eta azkeneko asteak esan bezala Buenos Aires eta Uruguayen esan bezala. Azkeneko honetan Kolonia, Montevideo eta Punta del Este ikusi genituen. Beraz, ez gara minutu bat ere geratu.

Guztia antolakuntzarik gabe?
Hala ze da, ez genuen ezer antolaturik. Bidaian aurrera egin ahal erabakitzen genuen zer egin. Esate baterako, ez genuen Kolonbian sartzeko asmorik. Baina lagunak animatu, ados jarri eta irailerako hegazkin txartelak hartu genituen. Oso interesgarria eta zirraragarria da. Egunak desberdinak dira eta zuk antolatu behar duzu guztia. Inork ez dizu laguntzen.

Hainbeste denbora bidaiatzen anekdotaren bat izango duzue, ezta?
Mila ditugu. Titicaca lakuan antolatutako bidaia hartu beharrean portura joan eta barkua bilatu genuen. Jabearekin hitz egin, bueltaxka bat eman eta azkenean bere etxera gonbidatu gintuen. Han bazkaldu, afaldu eta lo egin genituen. Gainera, festa bat ospatu zuten eta guk gonbidatu gisa egon ginen. Gero ilunabarra ikusi eta... Oso polita izan zen.
Honetaz gain, Sucren blokeatuta geratu ginen. Hau hiri garrantzitsua da Bolivian eta kapitala izateko lehian dago. Gu egon ginenean manifestazioak zeuden, gas negar eragile boteak eta guzti. Herritarrek, gainera, errepidea itxi zuten. Automobilak errepide erdian jarri eta nahi arte hor uzten zituzten. Ondorioz, hor geratu ginen Sucretik atera ezinean.

Gauza harrigarri asko ikusiko zenituzten, baina zer izan da harrigarriena?
Potosira egin genuen bisita dudarik gabe. Cerro Ricora joan ginen zilarrezko meatzeak ikustera. Izugarria eta beldurgarria da aldi berean. Haurrak lanean ikusten dituzu, dena eskuz egiten dute eta lurrean dauden zuloetatik ahal duten bezala atera behar ziren. Gainera, dinamita erabiltzen zuten, baina era arriskutsuan, hau jarri eta korrika atera behar baitzuten. Han dirua behar dutenek meatzean lan egiten dute, baita unibertsitateko ikasleak ere.

Honen harira, arriskuko egoerarik bizi al zenuten?
Arriskurik ez. Nahiz eta jendeak Bolivian eta Perun autobusak, zein taxiak ez hartzeko esan, guk kasurik ez genien egin.
Hala ere, beldurra pasa genuen autobusean joatean. Autobusak zaharrak ziren eta errepideak egoera txarrean zeuden. Gainera, errepide estuak dira eta ezin dira autobusa eta kamioia leku berean aurkitu, ez baitago igarotzeko lekurik. Eta, honetaz gain, alde batera amildegi txikiak dituzu. Oso arriskutsuak dira eta txarrena Potositik Sucrerako errepidea zela esan ziguten, eskerrak gauez egin genuela eta ez ginela konturatu ere egin.
Beno, egia esan, Kolonbian Bahia Solanon ezustekoa izan genuen. Hondartza ondoko etxola batean ginen eta terrazan ginen kafea lasai-lasai hartzen. Ilun zegoen dena, gaueko hamaikak ziruditen, ekaitza zetorren eta. Etxolara sartzeko ordua gerturatzen ari zen eta bat- batean bi txanodun agertu ziren, bata etxolaren alde batetik eta bestea bestetik. Sustoa ikaragarria izan zen. Eskuaz ahoa tapatu eta oihuka ez genezan eskatu gintuzten. Baina indarrez hartzen ez ninduela eta armarik gabe zeudela ikusita oihuka hasi nintzen, baita nire laguna ere eta hanka egin zuten. Guk oihukatzen jarraitu genuen, baina jende gutxi zebilen inguruan.
Hala ere, metro askotara zegoen beste etxolako jendeak entzun eta gure hoteleko jabeei deitu zieten zer gertatzen zen galdezka. Gu urduri ginen eta linterna argiak ikusi genituen, baina ez ziren etxolara iritsi. Geroago hoteleko jabeak etorri eta gertatutakoa azaldu genuen. Ez ziguten ezer lapurtu. Hala ere, honekin izua sartu zitzaigun eta Kolonbiako zenbait herrialdeetara joatea adostu genuen, nahiz eta militarrak errepide nagusiak babesten egon.

Kulturalki nola ikusi dituzu?
Bolivian eta Perun kultura asko lantzen dute. Garrantzia handia eman diote ohiturak mantentzeari. Honela festa asko dituzte eta hauetan bere jantzi tipikoak erakusten dituzte. Oso aberasgarria da. Gainera, indigenak artisauak dira eta bakoitzak bere jantzia josten du, hasieratik gainera, ardia edo llamari ilea kenduaz .

Euskal Herria eta hango herrien arteko desberdintasunik ikusi al duzu?
Hego Amerikako zenbait herrik ez daukate Euskal Herriarekin zer ikusirik. Bolivian, esate baterako, biztanlegoaren %60a indigenak dira.Gehienak Altiplanoan eta buztinezko eta lastozko etxolatan bizi dira. Nekazaritzari da bere sostengua. Gainera, gauak oso hotzak dira eta kontu handiz ibili behar dira uzta izoztu ez dadin.
Peru ere antzekoa da. Cusco eta herri gutxi batzuk turistikoak dira baina orotara txiroak dira. Kolonbian, Buenos Aires eta Uruguayen, berriz, hiriak europear kutsu dute eta bizitza estiloa gure antzekoa da.
Paisaiari dagokionez ere desberdinak dira Peru Bolivia baino lehorragoa da. Kolonbia, aldiz, tropikala da, hezeagoa eta basoz betea.

Bueltatuko al zinateke?
Bueltatu ez dakit, agian Boliviara joatea ez litzaidake axolako. Baina beste leku asko daude bisitatzeko.

Orduan, zein izango da zure hurrengo bidaia?
Hurrengo bidaia Argentinara izango da seguruenik. Bidai honetan joatea pentsatua genuen azaroan, baina nekatuak ginen eta buelta egin genuen. Eta Txilera, baina oraingo bidaiaren antzekoa izango da denborarekin eta asko antolatu gabe.•