Joan da Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia. Hamabigarren urtez bete dugu helburua. Baina badakigu krosa bezalako kirol ekitaldi jendetsua antolatu ahal izateko lasarteoriatarron laguntza ezinbestekoa dela. Eta zorretan sentitzen gara, eskerrak eman beharrean.
Eskerrik asko gure lasterketan izena eman zenuten 1.230 korrikalarioi. Eskerrik asko txipa itzuli zenuten guztioi. Eskerrik asko bidegurutzetan, ura banatzen, Michelingo frontoian, Okendo plaza garbitzen, Kros Txikia antolatzen, dominak banatzen, kartelak jartzen... lagundu diguzuen guztioi. Eskerrik asko babesle eta laguntzaile izan zareten guztioi. Eskerrik asko korrikalariak animatzera hurbildu zinetenoi. Eskerrik asko zuen seme-alabentzako dortsalik gabe geratu eta gure azalpenak ulertu dituzuen gurasooi. Eskerrik asko Ostatu-Berriko lagunoi -datorren urtean zuen pintxoak faltan botako ditugu-. Eskerrik asko Amaraungo panpinoi. Sasoeta-Zumaburu eta Landaberri ikastetxeetako arduradunoi, Kros Txikiko izen-ematean laguntzeagatik. Komunikabideoi, krosaren berri emateagatik -Esazu Irratiko lagunei besarkada handi bat-. Eskerrik asko umeen harreran izan zareten emakumeoi. Lasterketa pasa arte autoan pazientziaz itxaron behar izan zenuten auto-gidarioi. Erketzi, irteerako agurra dantzatzeagatik. Ttakuni, egoitza uzteagatik. DYAri, zuen baliabide guztiak gurera ekartzeagatik. Fortunari, materiala uzteagatik. Udalari, ea datorren urtean gure lasterketa eta Buruntzaldeko ibilbideen eguna ez ditugun egun berean antolatzen. Eta eskerrik asko zerrenda luze honetan zuen izena topatu ez eta modu batean edo bestean lagundu diguzuen guztioi.
Eta ez genuke eskutitza David Martin zoriondu gabe bukatu nahi. Zorionak David! Zure garaipenak izugarri poztu gaitu.
Ostadar Kirol Fundazioa