2 Mc eta DJ bat, honela esanda gutxik ulertuko lukete hip-hop talde bati buruz hitz egitera goazela. Era berean, gutxi horiek Lasarte-Orian hip-hop taldea dagoenaren berri izango dute, SM 61.
2002an, hiru kideetatik bik, Roberto Dezmen eta Leok joko antzera letrak asmatu zituzten. Bi urte geroago Ruben DJ Ponx batu zitzaien eta musika baseak sortu zituen. Honela, sortu zen San Marcial 61. Hala ere, DJ Ponxek dionez, “duela bi urte t’erdi hasi ginen serioago lanean, kontzertuak etab.”
Kontzertua eta proiektuak
La Hormigonera Produccionesen laguntzaz kontzertu ugari dituzte hitzartuak. Hala ere, aurretik Lasarte-Oriako Txuri Urdiñ eta Udaberri tabernan, Ibarra, Martutene, Ordizia, Hernanin eskaini dituzte bere emanaldiak eta gaur Urretxuko Zona Zero gunean daukate hurrengoa, gaueko 23:00etan.
“Jendeak harrera ona egiten die gure abestiei,” dio Leok eta Dezmenek zera atxikitzen du, “gainera, gure lagunak gu ikustera joaten diren eta giro ezin hobea sortzen da.”
Proiektuei buruz galdetzerakoan, batetik Leok ateratako maketari buruz hitz egiten dute eta bestetik beste maketa batzuk bidean dituztela aipatzen dute. Hala ere, Leok azpimarratzen duen bezala, “guk lasai egin nahi ditugu gauzak, bakoitzak bere eginkizunak baititu. Taldeko bi lanean gaude, bestea ikasten eta zail da gu hirurok batzea.”
Diskorik ateratzeko asmorik galdetzen diezunean zera dio Leok, “diskoa ateratzeko zure musika entzungo denaz ziur egon behar zara. Gainera, dirua lortzea besterik ez da, promozioa dago, etab.” Dezmek, gainera, diskoa grabatzeko denbora behar dela azpimarratzen du eta orain denborarik ez dutela. Hiru kideek aitortu dutenez musika denbora-pasa da beretzat eta ez dute profesional izan nahi.
Lokalik izan ezean, DJ Ponxen etxean grabatzen eta prestatzen dituzte bere abestiak eta saioak. Honela, “nahi dugunean grabatu dezakegu inolako oztoporik gabe,” dio Leok. Hala ere, lokala laster izatea espero dute, Udaletxearekin harremanetan jarri baitira.
SM 61 Interneten
Honetaz gain, taldeak My Spacen bere lekua du. Bertan taldearen musika, argazkiak, emanaldietako bideoak eskuragarri daude eta zure iritzia emateko aukera dago, gainera.
“Taldea ezagutzera emateko beste era bat da. La Hormigonerako Marianok animatu gintuen eta egun batean Interneten saltsan ibili, lagun bati laguntza eskatu eta gunea sortu nuen,” onartu digu Leok.
Beraz, taldeak nola rapeatzen duen ikusi nahiez gero bi aukera daude, bata SM 61ek My Spacen duen gunean sartu eta bertan ikusi edo bestea, gaur Urretxuko Zona Zero aretora joan eta zuzenean talde ikusi.•