Bigarren eskuko merkatua, interneten beti zabalik

Txintxarri 2007ko azaroaren 12a

Duela urtebete Interneten abian jarritako bigarren eskuko merkatu iraunkorra den, www.merka2sanmarcos.org orrialdeak harrera ona izan duela jakin arazi du San Markoseko Mankomunitateak. Guztira 505 iragarki publikatu dituzte hiritarrek, gehienak salmenta atalean, baina baita bilaketak, trukeak eta opariak sailetan ere. Merkatu birtual honen helburu nagusia, hiritarren artean objektuen berrerabilera bultzatzea da eta, ondorioz, sortzen den hondakin kopurua murriztea. Erregistratutako erabiltzaileen gehiengoa eskualdeko hiritarrak direla aipatzen dute arduradunek, baita hau ekimen honen helburuekin guztiz bat datorrela ere, hauei zuzendutako zerbitzua baita.

Interneten aurki daitekeen merkatu-eskaintzaren artean, merka2sanmarkosek baditu ezaugarri bereizgarri batzuk: lehenik, berrerabileraren kultura praktikoa zabaldu nahia; bestetik, hurbiltasuna, eskualde bereko hiritarrak jartzen baititu harremanetan, eta, azkenik, hiritar guztiei zabaldutako doako zerbitzua eta irabazi-asmorik gabea dela.
Hizkuntzari dagokionean, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak ditu San Markoseko orrialdeak. Iragarki guztiak ere bi hizkuntzetan publikatzen dira. Hau ez da bat-batekoa izaten, iragarki asko itzuliak izan baitira, baina ez du 24 orduko epea gainditzen. Honetaz gain, behin publikatua dagoenean, norberak ezaba dezake arazorik gabe.
Izaera eta erabilera oso ezberdineko objektuak aurki daitezke iragarkietan, batzuk eguneroko bizitzan erabilera zabala dutenak eta beste batzuk aurkitzeko zailak diren bitxikeriak, esate baterako: haurtxoa eramateko motxila, Gerra zibileko aldizkariak edo solariuma. Guztiak erabilitakoak edo bigarren eskukoak noski. Iragarkiak 22 kategoriatan sailkatzen dira eta iragarki gehien jasotzen dituztenak: Bildumazaletasuna, Liburuak, Haltzari eta osagarriak, eta Artea eta antigoaleko gauzak.

Nola publikatu iragarkiak?
Edonor sar daiteke www.merka2sanmarcos.org webgunean eta iragarkiak publikatuak dituztenekin harremanetan jarri. Iragarkiak publikatzeko (salmenta, bilaketa, trukea, opariak) lehenik erabiltzaile modura erregistratu behar da, prozedura erraz eta arinaren bitartez eta, ostean, interesa dutenen erantzuna jasotzeko modua aukeratu: e-postaz, SMS bidez tel. mugikorrera edo telefono deia.

Zerbitzu osagarriak
Erabiltzaile modura erregistratzeak zerbitzu osagarriak eskatzeko aukera ere baimentzen duenaren berri eman nahi du San Markoseko Mankomunitateak, hala nola, hamabostean behin azken iragarkiak biltzen dituen buletina e-postaz jasotzea edo objektu edo kategoria jakin bateko iragarkiren bat publikatzen denean haren berri jasotzea (e-postaz edota MSM bidez tel. mugikorrean).
Eta azken berrikuntza RSS informazioa bidaltzeko sistema eskaintzea da. Horren bitartez, nahi duen guztiak jaso ditzake bere ordenagailuan web gune honetako azken berriak.
Zerbitzu osagarri hauek guztiak, orain arte eskainitako guztiak bezalaxe, doakoak direla adierazi dute arduradunek.
Lehen urteko balorazioa positiboa bada ere, zerbitzu honen erabilera gehitzea eta hiritarren artean zabaltzea da San Markoseko Mankomunitatearen arduradunen helburua.