Pirritx eta Porrotx Lasarte-Oriako pailazoak beti dute egitasmoren bat esku artean. Azken hilabeteetan familia eredu desberdinen gaia jorratu eta gaiaren gaineko jolasak eta ipuinak kaleratu ere. Aurreko astean "Familiak Milakolore" proiektuari bukaera ematen dioten bi CD-ROM eta bi kaxatan banatutako sei puzzleak aurkeztu dituzte Donostiako Alde Zaharreko Elkar Megadendan. Elkar aretoan egindako aurkezpenean pailazoek egindako lanari babesa ematen Mitxel Murua editorea eta elkarte desberdinetako ordezkariak izan ziren - Agipasa, Gehitu, Beroa eta Ume Alaia-.
Pirritx eta Porrotxek landutako Familiak Milakolore proiektuaren barruan elementu desberdinak landu dituzte: bi CD-ROM, bi kaxatan banatutako 6 puzzle, 6 ipuin eta karta jokoa. Pailazoek Elkar Megadendan aurkeztu duten ikus-entzunezko materialak bi helburu jorratzen ditu: "batetik, alde ludikoa, haurren entretenigarri, etxeko ordenagailuan jolas egin dezaten eta ipuinak ikusi eta entzun ditzaten. Baina, horrekin batera, helburu pedagogikoa doa. Jolas egiten ikasten baitu haurrak. Eta CD-ROM hauetan, proiektu osoan bezala, gaur egun dauden familia eredu anitzak ukitzen dira, denetan maitasuna lokarri izanik. Alde horretatik, CD-ROOM hauek etxean nahiz eskolan erabil daitezke", azaltzen dute pailazoek. Familiak Milakolore egitasmoa aurkezten zuten bitartean, haurrak CD-ROMekin jolasten aritu ziren aretoan bertan.
Ikus-entzunezko edukiak
Pirritx eta Porrotxek landu dituzten Familiak Milakolore bi CD-ROMetan haurrek elementu desberdinekin familia eredu anitzak ezagutu ditzakete jokatzen duten bitartean. Familia eredu anitzak eskolan bideo bat eta Mari Motots eta Maite Zaitut bideoklip bana aurkitu daitezke bertan. Familia eredu anitzen gaiaren inguruan pailazoek orain arte argitaratu dituzten liburuetako istorioekin egindako ipuin bizidunak ikusi daitezke ere ikus-entzunezko CDetan: Arrantzan, Herriko postariak, Gorka konpontzailea, Nerearen argazki-albuma, Tiderrekin tea hartzen eta Agur, Pakito!. Jokoen artean, margotzekoak, labirintoak, puzzleak, memoria-jokoa eta idazketa-txokoa daude. Pailazoen CD-ROM berriek zortzi kanta desberdin entzuteko aukera ematen dute haurrek jolasten, ipuinak irakurtzen edo bideoak ikusten dituzten bitartean.
Herrikoen parte hartzea
Pailazoek aurkeztu duten azken lan honetan, familia eredu desberdinen gaia eskolan modu praktiko batean lantzeko bi erreportai aurkitu daitezke. Hauek Zubietako eskolan, Lasarte-Oriako parkeetan eta Araetako lorategietan daude grabatuak. Grabazioaz Isa Fernandez de Agirre eta Edu Galardi arduratu dira. Antzezleei dagokienez, lasarteoriatarrak dira: Landaberriko Antzerki Eskolako ikasleak eta Zabaletako haurrak. Pirritx eta Porrotxen lan guztietan bezala, Bikain Diseinuko Julian Tokerok eta Cesar Gonzalezek diseinua eta marrazkiak egin dituzte.
Laster lan berriak
Atzo bukatu zuten Mari Mototxen ikuskizuna eta aste honetan bertan Eskerrik asko lan berria aurkeztuko dutela aurreratu digu Porrotxek. Azken lan honetan, minbiziaren gaia landu dute. Horretarako, ASPANOVAS, Euskal Herriko Haur Minbizidunen Guraso Elkartea, eta Donostiako ospitaleko pediatriako doktore eta irakasleen laguntza jaso dute. "Eskerrik asko lanean minbiziaren inguruan dagoen tabua hautsi eta helduek gaira naturaltasunaz hurbildu daitezela nahiko genuke", dio Porrotxek.
Eskerrik asko izenburupean DVDa, diskoa, komikia eta ikuskizuna aurkeztuko dute. Lehen ikuskizuna azaroaren bukaeran izango dela, aurreratu digute Pirritx eta Porrotxek, beraz adi eta ordu arte, ondo ibili maripili!•