Hilabetetako entrenamendu gogorren ostean, atzo iritsi zen, azkenik, egun seinalatua. Behobia-Donostia entzutetsuaren berrogei eta hirugarren edizio honetan, C.D. Fortuna talde antolatzailearen aurreikuspen guztiak gainditu eta 14.536 -duela bost hilabete amaitu ziren dortsalak- izen emate izan dira, iazko 12.000 partehartzaileak motz utziaz. Horietatik, 5.930 gipuzkoarrak izan dira. Guri dagokigunez, ehun inguru izan dira lasterketarik herrikoienean parte hartu duten lasarteoriatarrak.
David Martin, bikain
Gizonezkoen mailan, Chema Martinez (1:01:48) gailendu zen hirugarren urtez jarraian Kamel Ziani (1:01:57) eta Martin Fiz (1.02.274) beteranoaren aurretik. Emakumezkoetan, Keniatik etorritako Kerubo (1:09:26) izan zen bizkorrena.
Herritarrei dagokionez, David Martinek bere buruari jarritako erronka, ordu bete eta bost minututik jaistea, alegia, lortu eta onenen artean sailkatu zen. Davidek meritu handiko seigarren postua eskuratu zuen (1:04:36) azken sailkapenean.•