Puntu banaketa erregionalen derbian

Txintxarri Aldizkaria 2007ko azaroaren 12a

loke texas lasartEARRA Iraola, Jontxi (Etxaniz), Recio, Olasagasti, Txepo (Txema), Urko (Borja), Barrado, Mateos, Pana (Pablo), Horcajo (Oroitz) eta Raul. ostadar Manzano, Hernando (Pielago), Martija, Mayoz, Altolagirre, Aristondo, Munduate, Zugasti (Arruti), Arias, Iturbe eta Noriega. Golak 0-0.

Aspaldi ez bezalako jendetza bildu zen larunbat arratsaldean Michelingo futbol zelaian, bigarren erregionaleko derbia ikustera eta golik egon ez bazen ere, emozioa eta borroka, behintzat, ikusi zuten zaletuek.
Badira urte batzuk maila nagusiko bi taldeek elkarren aurka jokatzen ez zutela eta, hortaz, larunbatekoa partida berezia izan zen bi taldetako jokalari nahiz zaletuentzat.
Norgehiagokaren hasieran Ostadarrek hartu zuen jokoaren kontrola. Baloiaren jabe izanik eta nahiko ongi mugituaz, nagusi izan ziren lehen minutuetan. Zelai erdiko nagusitasuna, ordea, ez zuen gol aukeretan gauzatzen. LOKEkoek serio eta sendo jokatu zuten defentsan eta baloiaren jabetza handirik gabe bazen ere, nahiko eroso sentitzen zirela zirudien eta ez zuten larritasun handirik pasa. Gogor defendatu eta kontraerasoan ateratzeko planteamendu garbia erakutsi zuen etxeko taldeak eta nahiko ongi egin zuela aitortu behar da.

Nahi eta ezin
Bigarren zatian, Ostadarren nagusitasuna areagotu egin zen. Defentsa lanean lasai, LOKEk ez baitzuen arrisku sentsazio handirik ematen, metroak irabazten joan ziren Zurutuzaren mutilak. Minutuak pasa ahala, LOKEko jokalariak defentsan lan egitera mugatu ziren eta, kontraerasoren bat edo beste salbu, erabat egin zioten uko erasoko jokoari.
Ostadarrekoak, bestalde, nahi eta ezin. Baloiaren erabateko jabetzarekin, behin eta berriz gerturatu ziren arerioaren area ingurura baina azken pasea batzutan, errematean egindako hutsak bestetan eta Iraola LOKEko atezainak egindako lan bikainak behin eta berriz zapuztu zituen euren ahaleginak.
Minutuak aurrera zihoazen eta LOKEkoek berdinketa ontzat ematen zuten bezala, Ostadarrek hiru puntuak nahi zituela argi geratu zen.
Partida amaieran, berdinketa eta puntu banaketa. Batzuk kontentu lortutako puntuarekin eta besteak bidean bi puntu utzi izanaren sentsazioarekin.
Larunbateko emaitzak lidergoan sendo jarraitzeko balio dio Ostadarri. LOKEko jokalarientzat, aldiz, moralki garrantzitsua izan daiteke lortutakoa. Derbian erakutsitako seriotasuna eta lanerako gogoa norgehiagoka guztietan mantentzen badute puntuak batzea errazagoa egingo zaie, zalantzarik gabe.•