“Deskontuak egoera ekonomikoaren araberakoak izan behar dira eta ez adin tartearen araberakoak”

Txintxarri Aldizkaria 2007ko azaroaren 16a

Ricardo Ortegak, Ezker Batua-Berdeak taldearen Lasarte-Oriako zinegotziak, herritar batek prentsa idatzian adierazitakoak argitu nahi izan ditu. “Gezurrak eta egi erdiak” salatu ditu Ortegak eta jubilatuek kirol instalazioetan deskontuak izan ditzaten herritar batek egindako eskaerari dagokionez, bere taldearen botoaren inguruko zehaztasunak eman ditu. Zentzu horretan, “herritarrak egiten duen eskaria azaltzea funtsezkoa da: %37ko deskontua jubilatuentzat. Eta gure ezezkoaren arrazoia are eta argiagoa da: Deskontuak (bonifikazio eta salbuespenak) egoera ekonomikoaren araberakoak izan behar dira eta ez adin tartearen araberakoak. Jubilatu batzuen ondarea, pentsioa edo beste zenbait errentak, jubilatuak ez diren askorenak baino hobeak dira. Horiek behar dituzte deskontuak, jubilatuak izan ala ez. Hau da ezezkoaren arrazoia eta ez besterik” adierazi du.

Gobernu akordioa
PSE-EE-rekin lortutako akordioaren inguruko azalpenak ere eman ditu. “Azken hauteskundeek utzitako egoeraren ondorio da” adierazi eta akordioa beharrezko negoziazioen ondorio dela gaineratu du, “gobernu akordioa lortu dugu, akordio baikorra gure programaren ikuspuntutik. Eta orain programa hori aurrera eramango dugu”.
Ortegak bere gain, modu pertsonalean jasotako kritiken inguruan ere hitz egin du eta esandakoak ezeztatu ditu. “Nire zinegotzigoa ez da dedikazio osokoa, ez dut oposizioko beste edozein zinegotzik baino gehiago jasotzen, batzordeen presidentziari dagokionari zaiona salbu”. Eta edozein modutan, bere erakundearen kargu publikoen estatutuaren arabera, Ortegak beste postu baten ordainsaria jasotzen duenez, Udalean egiten duen lanagatik ez duela inongo ordainsaririk jasotzen azpimarratu nahi izan du. Amaitze aldera, “koldarra naizela esatea doako deskalifikazioa eta kontura ez datorren errespetu falta besterik ez da” esan du.