Txistu eta eskusoinu kontzertu paregabea

Txintxarri 2007ko azaroaren 16a

Asteartean, Lasarte-Oriako udalak eta Kutxak antolatuta, Garaikoitz Mendizabal eta Aitor Furundarenak kontzertu pedagogikoa eskaini zuten Manuel Lekuona kultur etxeko aretoan. Honi esker, txistua eta eskusoinua bateratuz lor daitekeena entzuteko aukera izan zuten bertara gerturatu zirenek, Ana Urchueguia alkatea eta Jone Altuna kultura batzorde burua barne.
Garikoitz 1994en eta 96an Euskal Herriko Txistulari Txapelketan irabazle izana da eta Aitor Furundarena hainbat taldeeta telebista saioetan parte hartu izanagatik ezaguna da.
Kontzertu atsegina eta didaktikoaz gozatzeko aukera egon zen eta abestera ere ausartu ziren. Estilo desberdinak uztartu zituzten, baita bi instrumentu hauei lotuko ez genituzkeenak ere, hala nola, musika klasikoa, boleroa edo tangoa.
Maisutasun handiz Jose Inazio Ansorenaren Belatsarena obra eta honen gaineko inprobisazioa, J.S. Bachen Aria, J. I. Ansorenak moldatutako Aita Donostiaren Horbel dantza eta urepel doinu tradizionalak, Garbizuk konposatu eta Furundarenak moldatutako Fandango Boleroa, Astor Piazzolaren La Muerte del Angel, Scotish Suite Norman Fultonena, Sabin Bikandiren Migerlea eta herrikoiak diren Jota eta Porrusalda eskaini zituzten bertan zeuden guztiak aho zabalik utzita.•