Apiterapia, erlea sendagile lanetan

Nerea Eizagirre 2007ko azaroaren 16a

Erlezaintza erleen artea eta tratatua da, apiterapia, berriz, erleen produktuen bidez gaixotasunak sendatzea edo hauek sendatzen ahalegintzea. Hirietan apiterapiaz gutxi dakigu, nekazaritza lurraldeetan ezaguna da, ordea, erlauntzak dauden lekuetan, batez ere. Hala ere, Roberto Serrano eta Alberto Ganuzak honen berri jakin eta duela urte t'erdi daramatzate erleen ziztadak jasaten, baina ez da bere lanarengatik, erleen pozoiak, apitoxinak dituen ezaugarri onuragarriez baliatzeko baizik. Honela, haiekin bildu eta ziztadei eta apiterapiari buruz ihardun gara solasean.

Erleek sortu edo biltzen dituzten 6 edo 7 produktu erabiltzen dira apiterapian, eztia, polena, propolia, jalea, argizaria, apitoxina edo erleen pozoia, eta azkenik erlamandoen kumeak, baina, azken hau gutxi erabilia dela aitortu digu Robertok.
Azaldu digutenez, erleen produktu bat baino gehiago hartzea komenigarria da, produktu hauetako batzuk besteak gorputzak onar ditzan laguntzen baitu. Honetaz gain, bat baino gehiago kontsumitzen badituzu, hauen eragina bidertzen dela azpimarratu dute.
Terapia honi buruz eta ziztaden onuraz nola jakin zuten ere esan digu Robertok, "ni erle zaina naiz eta erleen produktuen ezaugarriez zerbait banekien, baina alabak shock anafilaktikoa jasan ostean izan nuen erlearen pozoiaren ezaugarriei buruz. Ondoren, irakurtzen hasi eta orain arte."
Ostean, hitzaldi bati buruz jakin eta "Ordizira joan ginen. Argentinako apiterapeuten presidente eta neurokirurgialaria den Julio Cesar Díazekin egon ginenen bi egun intentsiboki lanean", azaldu digu Robertok.
Ondorioz, terapia hau herri txiroen medikuntza dela onartu digute biek. Albertok azaltzen duenez, "hemen ez da erabiltzen, baina hainbat herrialdeetan sendagaien osagarria da apitoxina. Kuban, adibidez, ospitaletan erlea edo apitoxinadun produktuak erabiltzen dira."

Ziztadak
Eta zertarako da onuragarria erleen ziztada? 400 gaixotasun sendatzen dituela azpimarratzen dute.
Min muskularrak eta odol zirkulazio arazoak desagertarazteko erabiltzen dutela aipatzen digute. "Ihesa eta lau minbizi klasetarako onuragarri da irakurritakoaren arabera, baina gu behe mailako arazoak konpontzen saiatzen gara, min muskularrak. Aurrerago egitea zail da, ez baita gure ogibidea," esan digu Robertok.
Ondoren, zera azaltzen digu, "apitoxina inmunomoduladorea da. Inmunitate sisteman eragina du eta honen akatsak zuzentzen ditu. Apitoxinari esker, sistemak bere tresnak aurkitu behar ditu gaixotasunari aurre egiteko.” “Birusek eta bakteriek ez dizute kalterik egiten, 48 ordu ondo ezik egon," azpimarratzen du Albertok.
Diotenez, ziztada kortikoide bat baino 100 aldiz indartsuagoa da eta pilulak alde batera utzi daitezke, min entzimak desagertarazten baititu. Honi esker, aste bete minik gabe egon daitekeela aipatzen dute. Baina argi eta garbi diote, ez da Lourdes eta ezin dituzte giharrak bere lekuan jarri, hori masajistaren lana baita.
Honetaz gain, ziztadak non egiten diren azaldu digu Robertok, "mina muskularra baldin bada ziztada mindua duzun lekuan egiten da. Osasunarentzako onura nahiez gero, gorputzaren konexioak kontuan izan behar dira. Apipuntura puntuak daude, akupunturaren antzekoak eta gorputzaren eskemak jarraitu behar dira.”

Praktika
Alberto izan zen ziztada probatzen lehenengoa eta horrez gero 5000 erle baino gehiago ziztatu dituzte, 130 edo 140 erle arratsalde batean, 8tik 16 erlera pertsonako.
"Iazko apirilean hasi ginen, bizpahiru lagun eta azken aldian hogei eta bost pertsona edo batzen ginen," esan digu Robertok. Ahoz-aho ibili den berria da eta jende ugari gerturatu da terapiaren nondik norakoak jakitera. Albertok azaltzen duenez, "ziztatzen zarela jakitean jendea, zoroa zaudela esaten dizu, baina hauekin hitz egin, terapia azaldu, eragina ikusi eta animatzea bat da."
Honela, lehenengo sesioan erle bat ziztatzen dute eta pixkanaka zenbakia handitzen doaz, hamar arte. Gero, gorputza pozoiari egina dagoenean, ez dizu kalterik egiten eta 16 erle ziztatu daitezkeela aipatu dute. "Hau guztia pertsonaren eta minaren arabera, noski," aipatu digu Robertok.

Arazoak
Hala ere, teknika honek arazo larria dauka, alergia. Azaltzen digutenez oso arriskutsua da, biztanlegoaren %2 edo 3ak eragin alergikoa izan baitezake. "Serio hartu behar den gauza da, ez da ardo bat hartzearen antzera. Alergikoa ez den norbaiti osasuna ematen dio, baina alergikoarekin kontuz ibili behar gara," dio Robertok eta jarraian zera aipatzen du.
Horregatik, ziztatzen den jendeari ongi azaltzen diote eta oraingoz ez da ezer gertatu. "Antiestaminikoa eta sendagaiak ditugu eskura ondo eza kentzeko. Baina adrenalina da alergiaren eragina handia denean erabiltzen dena eta ezin da edonola eskura izan," azaltzen du Robertok.
Hala ere, zerbait azpimarratzen du, nahiz eta ziztada asko jasoa izan, aurrerantzean alergiak eragina izan dezakeela alergiak arau bakarra baitu, ez dago araurik.

Etorkizuna
Orain zein aurrerapauso eman ikusten ari dira. "Urte betean hogei pertsona izatera iritsi gara, ez dakigu nora iritsi gaitezkeen. Gainera, biltzen ginen lekua ez zen aproposena," azaldu digu Robertok. Erleen elkartea sortu edo lokal bat erosi, dudatan daude. Gainera, sendagile edo alergologo baten laguntza izatea eskertuko lukete, era honetan alergia probak eta kontrolak egiteko aukera izango lukete.
Bukatzeko, herritarrak apiterapiaren produktuak frogatzera animatzen dituzte, baita alergiaren edo IGEren proba egitera ere. "Honela, lasaiago ibili gaitezke mendira goazenean eta erleari diogun izua kentzen baitugu", amaitzen du Albertok.•