Pentsamenduak, bioletak eta amapolak neguko landaketan

itziar-carrasco 2007ko azaroaren 16a

Lasarte-Orian 317.000 metro karratu berde dago eta zortzi lorazainek arduratzen dira honen zainketaz: belarra moztu eta jaso, loreak landatu, zuhaitzak kimatu, zuhaitz berriak landatu... Lorazain kuadrila honek herriko "berde guneak" janzten eta orrazten aritzen da urte osoan zehar, nahiz euria nahiz eguzkia egin. Egun hauetan herriko errotondetan lanean ikusi ditugu hauek negurako prestatzen. Beraz, Udaletxeko lorazainen arduradunarekin, Itziar Gurrutxagarekin, hitz egin dugu lorazainen lana hobeto ezagutzeko eta jakiteko zein lore eta zuhaitz mota aukeratzen dituzten eta zein irizpideren arabera.

Lasarte-Orian, gezurra dirudien arren, 317.000 metro karratu "berde gune" ditugu, Itziar Gurrutxagak, udaletxeko lorazainen arduradunak, eskaini dizkigun datuen arabera. Hau irakurrita, batek baino gehiagok berde gune horiek non ote dauden galdetuko dio bere buruari. Azalera hau herriko lorazainek zaintzen dute eta bi gunetan bereizten dituzte metro karratu horiek, Itziar Gurrutxagak, Udaletxeko lorazainen arduradunak, azaldu digunez: "Batetik, lorategiak, jolaslekuak, errotondak, denboraldiko lorea behar dutenak.... azken finean mantenu gehiago behar duten guneak sartzen ditugu talde honetan; bestetik, jolaslekuak, bideak, eskolak...".
Urtetik urtera lorazainek landu behar duten azalera hazten doa herria hazten doan heinean. Azkeneko lau urteotan 246.000 metro karratu izatetik 317.000ra igo da. "Etxe berriak egiten direnean, promotorei eraikuntzaren inguruan berdea -lorategiak edo zuhaitzak- jartzea eskatzen zaie eta gero gune hauen mantenua udalak hartzen du.Sortu diren gune berriak: Bitarten 20.000 metro karratu, parke botanikoko, Vila Mirentxu, Atsobakarreko pipican eta Oriako etxeen inguruan dauden lorategiak.

Loraketa errespetatuz
Herriko errotondetako eta lorategietako loreak eta landareak urtean bitan aldatzen dituzte. Belarra mozketa eta kimaketa landareen arabera egiten dute: "Zuhaitzak eta landareak loratzen ari direnean ezin dira kimatu", dio Itziarrek, "Aurten, adibidez, ernera txarra izan da, udarik ez dugu izan eta, ondorioz, belarra eta setoak askoz ere gehiago hazi dira, horregatik, beste urteetan baino lan gehiago eman digute. Loratzeak errespetatu egiten ditugu, beraz honen arabera egiten dugu lana".
Lasarte-Oriako lorategietan 10.000 lore eta 5.000 bulbo baino gehiago landatuko dituzte lorazainek aurten. "Lehen ia beti landare berdinak jartzen ziren, baina probak egiten joaten gara jakiteko zein egokitzen den hoberen. Neguko landaketa bariatuena da eta koloreen nahasketa egiten saiatzen gara: pentsamenduak, bioletak, amapolak... eta loratzea luzatzeko bulboak jartzen ditugu, horrela udaberrian dena loratzen da”. Azken urteetan, euri gutxiago egiten duenez, mediterraneo aldeko landareak eta zuhaitzak ondo irauten dutela esan digu Itziarrek.
Itziar Gurrutxagak kexu da, loreak landatu ahala lore ontzietatik desagertzen direlako: "Jendeak loreak eramaten ditu. Egia da gero eta gutxiago eramaten dituztela. Baina, jendeak ez daki horrek ze lan ematen dien lorazainei”.
Lorazainen beste arerio bat, zakur kaka da. "Zakurrena izugarria da, lorategietako belarra erretzen dituzte, beraz, beste landare mota bat jartzea erabaki dugu, modu honetan mantenua hobeagoa delako. Gainera, zakur kakak lorazainentzako arrisku bat da. Jendeari errespetu gehiago eskatuko nioke".

Basorik ez
Lasarte-Oriak 317.000 metro karratu gune berde ditu, baina herrian ez dago baso publikorik: "herrian dauden basoak lur-sail pribatuetan daude eta publikoa daukagun bakarra Buruntzako magalean landatzen ari garen basoa da", honen harira, "Uste dut bertako zuhaitzak basoetan egon behar dutela eta bertan lizarrak, astigarrak, haritzak, artelatzak... bezalako zuhaitzen landaketa sustatu beharko litzatekeela. Bertako zuhaitzak txorkoan ez du leku nahikorik ondo hazteko, beraz denborarekin ito egiten da. Gainera, kaleko lorazaintza beste modu batera ulertu behar dugu, helburu estetikoa baitu. Hala eta guztiz ere, estetikak lehentasuna duen arren, kontutan hartzen dugu landatzen duguna hemengo baldintzetara egokitzen dela".