Lasarte-Oria Kirol Elkarteak Atlético San Sebastian elkartearekin adostasun batera iritsi zen iaz, mahai teniseko saila bateratzeko. Hitzarmen horren ondorioz, Lasarte-Oriako hamar jokalarik Kraf Atletiko-Lasarte taldean ari dira jokatzen. Aurreko denboraldian Kraf Atletiko-Lasarte izena daraman talde honek gizonezkoen hirugarren mailan parte hartu zuen eta lasarteoriatarrak txapelketan nabarmendu zirela kontatu digu Manolo Moralesek, LOKEko mahai teniseko arduradunak: “Iñigo Ruizek eta Iban Garcíak Liga Txapelketan eta igoera fasean garaitu ondoren, Estatuko bigarren mailara igotzea lortu zuten”.
LOKEko mahai teniseko arduradunak lasarteoriatarrek Kraf Atletiko-Lasarte taldearekin egindako denboraldia ezin hobea egin zutela gogoratu du: “Lasarte-Oriako mahai-tenislariak garrantzi handiko jokalariak dira Atletiko taldearentzat. Iñaki Blancok, esaterako, lehen mailan Ohorezko Mailara igotzeko igoera fasean jokatu zuen eta ondo jokatu zuen arren, ezin izan zuen garaipena lortu. Beraz, aurtengo denboraldian berriz saiatzea du helburu Iñaki Blancok”.
Emaitza onak
Gainontzeko jokalarien denboraldian egiten ari diren lana ere laburbildu digu Moralesek: “Dani Rebordinos, Iñaki García eta Iban García Estatuko 2.maialan ari dira jokatzen eta momentuz sailkapenean lehenak dira. Antonio Varela, Iñigo Ruiz eta Jon Yarza lasarteoriatarrak, berriz, Kraf-Atlético-Hernani taldearekin ari dira jokatzen Estatuko bigarren mailan eta hauek bigarrenak dira sailkapenean. Azkenik, Fabio Hernández, Dani de La Fuente eta Igor Arizmendi Kraf-Atletiko San Sebastián taldearekin egin dute fitxa eta 3. mailan ari dira jokatzen. Azken hauen aurtengo helburua Estatuko 2.mailara igotzea da”.
Beraz, Lasarte-Oriako mahai teniseko jokalariak Kraf Atletiko-Lasarte taldearekin urte bete daramate. Pasa den denboraldian “izugarrizko” denboraldia burutu zuten guztiek eta aurtengoan oso lan polita egiten ari direla azaltzen du LOKEko mahai teniseko arduradunak eta denboraldi hasieran jarritako helburuak aurtengoan ere lortzea espero dute.•