Algarak eta musika Golden Apple Quarteten eskutik

Txintxarri Aldizkaria 2007ko azaroaren 19a

The Beatlesak, countrya, gospela, boleroa, flamenkoa, etab. estilo anitzeko abestiak entzuteko aukera izan zen larunbat gauean Manuel Lekuona kultur etxeko aretoan, hau guztia egoera komiko eta umore onez betea.
Antzokira hurbildu ziren lasarteoriatarrek eta udal ordezkariek, hala nola, Jesus M. Zaballos Gazteria eta Festa batzorde burua edo Zerbitzu Publikoetako batzorde burua den Martin Morenok Golden Apple Quarteten Los Golden en serio emanaldiarekin ederki gozatu zuten.

Golden en serio
Saio honetan, jendearen oniritzia eta kritikaren errespetua lortzea aitzaki bezala jarrita, laukote donostiarrak seriotasuna ezarri nahi dio bere lanari. Baina eszenatokian ikusi daitekeen bezala, ezinezkoa zaie eta txiste adimentsuek, egoera edo eztabaida xelebreek ikuslegoaren algara dute erantzun.
Eta, hau guztia, bere ahotsen doinu eta abestien koreografiarekin lortzen dute, nahiz eta perkusio instrumentu, gitarra edo The Beatlesen txontxongiloen laguntza ere izan emanaldiko abesti batzuetan.
Emanaldian algara eta musika batu ziren, abesti bakoitza bukatzean txalo ugari entzun ziren. Hala ere, lasarteoriatarrek, Goldenen antzera, bukaerarako utzi zuten hoberena, txalo zaparrada.

Golden Apple Quartet
Talde honek hogei eta bat urte daramatza jendeari barrea eragiten. Eta hainbat telebista eta irrati saioetan parte hartzeagatik ezaguna da, baita Karramarroa uhartea edo Toy Story II marrazki bizidunetako filmeen soinu bandan abesteagatik ere.•