Larunbata goizeko hamarrak eta Joxean Montes Txispas Michelin kirolguneko bolatokian dago zain, bola eskolako lehenengo eguna du eta urduri samar dago. Hala ere, badaki ordu txarra dela, izan ere, eskola bost eta zortzi urteko haurrentzat baita. “Sei haurrek galdetu dute eskolaren berri eta etorriko zirela esan zidaten, baina ohean egongo dira oraindik,” dio Montesek.
Baina laster ume bat agertzen da ziztu bizian jartzen da lanean. Bola txikia hartu eta noizbait bola-jokoan ibilia den galdetu ostean, jaurtitzen erakusten dio. Galdera hau beste hainbat alditan entzungo diogu goiz honetan.
Izan ere, pixkanaka haurrak gerturatzen doaz, eskolaren berri jakin dutelako edo kirol gunean ibili eta jakinmina sartu zaielako. Bederatzi bat biltzen dira eta adina alde batera utzita, Montesek guztiei erakusten dizkie bola-jokoaren sekretuak.
Bola-jokoan erakusteko sistema
Lehenik eta behin, bola nola jaurti erakutsi behar zaiei, 5etik 7rako haurrek bola txikiarekin egiten dute, 8tik gorakoek handiarekin. Hurrengo pausua, bola jaurti eta egurrean zehar zuzen-zuzen nola bota erakustea da, zenbat pauso eman behar diren lehenengo, zein hanka joan behar duen aurrean eta bola jaurtitzerakoan besoa nola jarri, etab.
Hau menderatzean, gomazko pistara jo eta birlak botatzen hasten dira txikiak, handiak, berriz, pista handia saiatzen dira lehenengo bola handiarekin eta gero bola txikiarekin.
“Era honetara, handiaren pisura ohitu, zuzen bota eta birletara iristen badira, ez dute arazorik izango txikiarekin jokatzen hasten direnean. Azkenean txapelketetan parte hartzen badute txikiarekin lehiatuko baitira,” aipatu digu Joxeanek.
Honela, jo eta fuego dabiltza haurrak bola jaurti, birlak jaso edo bolaren bila joaten. Gutxi batzuk jokoaren grina sentitu eta aurrera jarraituko dute egun bola-jokoan dabiltzan jendearekin batuz, beste askok, gehienek, futbola edo beste kirolen bat aukeratuko dute. Ondorioz, harrobia eskasa da eta joko herrikoia hau sustatu nahian sortu da Bola eskola.
Horregatik, Joxean Montes Lasarte-Oriako haurrak animatu nahiko lituzke bola-jokoan aritzera eta ze ra gogoratzen digu, ikasturtea amaitu arte larunbatero 10:00etatik 12:00etara bolatokian egongo dela haurren zain.•