Mario Garrido eta Esteban Martinez garaile Amurrioko judo txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2007ko azaroaren 19a

Lasarte-Oriako Kirol Elkarteko judoka gazteak indartsu hasi dute aurtengo denboraldia eta azaroaren 10ean, larunbatean, Amurrioko judo txapelketan egindako papera honen adibide dugu. LOKEko infantil eta kadete mailako judokek parte hartu zuten lehiaketan eta emaitza paregabeak lortu zituzten, Gorka Aristegi entrenatzaileak aurreratu digunez.
Infantil mailan, Mario Garrido eta Esteban Martinezek judokak lehenengo postua eskuratu zuten bere pisuan. Kiara Tobajasek bigarren bukatu zuen, Josu Olmos hirugarren eta Abayuba Gutierrez eta Imanol Gonzalezek, berriz, bosgarren postuarekin konformatu behar izan ziren.

Kadete maila
Kadete mailakoak ez ziren atzean geratu eta Asier Sagasti eta Yeray Garciak, bakoitzak bere pisuan, hirugarren bukatu zuten. Asierrek bi borroka irabazi eta gero, final aurrekoan galdu zuen urrezko puntua dela eta, hau futboleko urrezko golaren antzekoa da eta finaletik kanpo geratu zen. Entrenatzailearen ustetan, Mario izan zen maila hoberena erakutsi zuena jokatutako 5 borrokak irabazi baitzituen. Hala ere, guztiek txapelketa polita egin zutela eta bide honetan jarraitzeko entrenatuko direla dio Gorkak.•