Pello Artetxeren Nere bizitzaren gurdia liburua argitaratu dute

Txintxarri Aldizkaria 2007ko azaroaren 19a

Gipuzkoako Foru Aldundiak Pello Artetxe Urdaneta idazle eta bertso jartzailearen autobiografia eta bertso jarriak batzen dituen liburua, Nere bizitzaren gurdia, eman du argitara Auspoa bilduman.

Pello Artetxe Zulaika 1924an jaio zen Aiako Indagarate-berri baserrian. Bere haurtzaroa eta gazte denbora bertan igaro zituen, soldaduska egitera Afrikara joan zen arte. Michelin lantegian lan egin zuen eta aspaldidanik Lasarte-Oriako herritarra dugu.
Euskararen aldeko langile sutsua eta ikastolen mugimenduaren sorreran parte hartu zuenetarikoa da Pello. Eta, honetaz gain, hainbat aldizkaritan artikuluak argitaratu eta bertsolaritzaren arloan lan asko egindako gizona da, hala nola, gai-jartzaile edo bertso idazle lanetan.
Antonio Zabalak idatzitako liburuak bi atal ditu, lehenengoan Urdanetak bere bizitza kontatzen du eta bigarrenean berak idatzitako bertso sortak irakurri daitezke.
80 urte zituela hasi zen Urdaneta bere autobiografia idazten eta, Antonio Zabalak hitzaurrean azpimarratzen duenaren arabera, bi zati nabarmendu ditezke, "bata aurtzaroa eta gazte denbora; Urdanetako bere jaiotetxean bizi izan zan garaikoa alegia, Afrikan soldaduska bete zuan aldia ere berekin duala. Eta bigarren, Lasartekoa, bere bizitzaren zatirik geiena egin duan erria".
Honetaz gain, Zabalak zera dio autobiografiari buruz, "gizaki edo pertsona baten berri emateko osatua da. Baiña aldi berean, eta bearbada egillea ortaz oartu gabe, erri batena ere eskeintze zaigu, bere jaiotetxeren berri ematen digunean, batez ere. Euskal jendea betidanik eta oraintsu arte zer izan dan eta zer-nolako bizimodua egin duan, alegia. Zera esan nahi degu: liburu onek etnologiatik ere asko duala".
Bigarren atalean, aldiz, "maitasunez eta begirune aundiz moldatutako bertso-saillak dira liburuan jasotakoak," dio Zabalak. Bertsoen gaiei dagozkienez, batzuetan bere bizitzari dagozkionak eta, bestetan mundu zabalean gertatutako gora-beherak jorratzen ditu Urdanetak. Antonio Zabalaren hitzetan, hauetan "bere iritzia argi eta garbi eta gizalege jatorrez agertzen du beti, geiegikeriak alde batera baztertuz, iñor mindu eta iraindu gabe".•