Adikzioen zergatia eta arazoak hizpide

Txintxarri Aldizkaria 2007ko azaroaren 19a

Lasarte-Oriako Udalaren Sanitate, Kontsumoko, Merkataritzako eta Ingurumeneko Departamentuak antolatutako Psikologiaren eta Osasunaren gaineko hitzaldiek hitzordua izan zuten ostegunean. Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan, Xabier Arrazola psikologoak adikzioei buruz hitz egin zuen.
Ez zen ohizko hitzaldia izan. Arazo teknikoak zirela eta Arrazolak ordenagailuaren laguntzarik gabe egin behar izan zuen aurkezpena. Baina ez zen arazorik izan, era honetan, entzuleek parte hartzeko aukera handiagoa izan baitzuen.
Honela, Xabierrek menpetasun kimikoak, hala nola, alkohola, tabakoa edo pilulak eta ez kimikoak bereizi ostean, alkohola edo tabakoa adibide hartuta, gazteek gaur egun asteburuetan dituzten ohiturak aztertu zituen.
Arrazolak azaldu zuenez, gero eta gehiago dira astean zehar alkoholik ez hartu eta asteburuetan ongi pasatzeko gehiegi edaten duten gazteak. “Hau ohitura bezala hartzen dute eta dependentzia fisikoa izaten buka dezake” esan zuen Xabierrek.
Egoera hau lagunen eraginari eta egungo gizarteari egozten die psikologoak, baina etxeko heziketari ere garrantzia ematen dio. "Izan ere, lagunak mendizaleak badira edo etxean alkohola edo drogei buruz hitz egiten badiete, edonork hauek eskaintzerakoan errazago egingo zaio ezetz esatea," azpimarratu zuen Arrazolak.
Menpekotasunek dakartzaten arazoez ere mintzo zen, umore aldaketak, familia harremanetan arazoak, jokabidea agresiboa, etab.

Hurrengo hitzaldiak
Asteazkenean Enkarni Gomez APIReko kideak Haur autonomogoak, zer adinetan? hitzaldi solasaldia eskainiko du arratsaldeko 18:00etan 0tik 7ra urteko gurasoentzat.
Honetaz gain, antolatzaileek jakin arazi digutenez, aldaketa batzuk egongo dira Xabier Arrazolaren azken bi hitzaldietan.
Honela, azaroaren bukaeran Gabonetako sukaldaritza erraza ihardunaldiak antolatu direla eta, Arrazolak azaroaren 29an Minbiziari buruz eman behar zuen hitzaldia atzeratua izanda da, abenduaren 20an izango delarik.
Bestetik abenduan eskaini behar zuen Komunikazioa hitzaldia ere egunez aldatuko da. Urtarrilean izango da, baina antolatzaileek esandakoaren arabera, eguna zehazteko dago oraindik.•