Manuel Lekuona kulturetxeko erakusketa gelan, Albino Gonzalez margolariak olioz pintatutako 41 koadro daude ikusgai. Hauetan paisaiak dira nagusi, nekazal mundua, baserriak edo Gaztelako etxeak, zein itsaso edo ibaietako urdina. Hala ere, gai garrantzitsua erakusketa honetan Donostia da eta hiriko hainbat txoko aurkitu ditzakegu Gonzalezen lanetan, hala nola, Pasaia, Kontxako badia, Miramar jauregia edo Zurriolako hondartza.
Pintzela edo espatula eta estilo figuratiboa hautatuta, Albinok esan digunez, bi urte behar izan ditu erakusketa osatzeko. "Lekura joan, apunteak hartu, estudioan koadroa margotu eta azkeneko pintzeladak eman, aste betetik hilabetera obra bat bukatzeko," aipatu digu Albinok.
Erakusketa azaroaren 29ra arte egongo da astelehenetik ostiralera 18:00etatik 21:00etara.
Kolorea eta armonia
63 urteko gaztelarra dugu Albino Gonzalez, hala ere, urte asko egin ditu Donostian eta donostiarra sentitzen da, bere lanak erakusten duen antzera. Hirugarren aldia da Lasarte-Orian erakusketa ezartzen duena, 1994an eta 98an ere gure artean egon baitzen eta 1994an Basmoko Pintura lehiaketako lehenengo saria irabazi zuen. Bere lanak garapen handia jasan du azken urteetan eta obrak kolore, armonia eta sentsibilitatez beteak daude.•