Lan geldialdiak Plan Industrial berriaren aurka

Txintxarri Aldizkaria 2007ko azaroaren 19a

Michelin enpresak ezarri nahi duen Plan Industrial berriak zeresana ematen jarraitzen du eta joan den ostiralean Zuzendaritzak eta Enpresa Komitea osatzen duten sei sindikatuetako ordezkariek bilera egin zuten. Bi gai izan zituzten mahai gainean. Batetik, joan den hilabetean enpresako langilegoak onartu zuen hitzarmenaren sinadura. Bestetik, Plan Industriala zertan datzan zehazten duen dokumentazioa jaso zuten sindikatuek.

Michelingo Enpresa Komiteak eskuartean ditu Zuzendaritzak aurrera eraman nahi duen Plan Industrialari buruzko zehaztasunak eta lehen balorazioak iritsi dira. Enpresa Komitearen gehiengoa osatzen duten LAB, ELA eta ESK sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte protesta egiteko eta enpresak proposatutako plana onartzen ez dutela berresteko. CC.OO., UGT eta CSI sindikatuek, bestalde, ez dute euren iritzia aditzera eman oraindik “egoera eta mobilizazioak aztertzeko denborarik” izan ez dutelako eta “enpresak ez duelako oraindik inolako erantzunik eman oinarrizkoak iruditzen zaizkigun gaien inguruan”. Datozen egunetan egingo dutela balorazioa adierazi dute. Zuzendaritzak, bere aldetik, amaitutzat eman du negoziazio prozesua.

Ostegunean, geldialdia
Zuzendaritzak hartutako jarreraren aurrean, Enpresa Komiteak lan geldialdiak iragarri ditu. Etorkizunean bestelako ekintzak burutzea baztertzen ez badute ere, hasteko, ordu erdiko lan geldialdia egingo dute ostegunean 14:00etatik 14:30era enpresaren sarreran.
Mobilizazio deialdiarekin bat egin duten eta Enpresa Komitearen gehiengoa osatzen duten hiru sindikatuen (LAB, ELA eta ESK) errebindikazioak, “egitasmo industrial sendoago bat eta behartutako leku aldaketak ezabatzea” dira nagusiki eta negoziazioak aurrera jarraitu behar duela uste dute, “oraindik gauzak lortu ditzakegulako”.
Amaitze aldera, Michelin Lasarte faktorian emango den “lanpostu galera salatzen jarraituko dugu aurrerantzean ere” adierazi dute.•