Amaia Agirre eta Unai Muñoa, finalerako txartelen bila

Txintxarri 2007ko azaroaren 23a

Lehengo asteburuan hasi ziren Gipuzkoako bertso txapelketako finalerdiak eta gutxiago falta da Ilunbeko finalean, abenduaren 16ean, aurrez-aurre lehiatuko diren 8 bertsolarien izenak jakiteko.
Eskoriatzako saioan, azaroaren 17an, Jexux Mari Irazu, Uxue Alberdi, Jon Martin, Ainhoa Agirreazadegi, Unai Agirre eta Beñat Gaztelumendi ederki lehiatu ziren finalean sartu nahian. Bakarrak lortuko zuen zuzeneko txartela eta, azkenean, Jon Martin izan zen hau eskuratu zuena. Hala ere, Irazu eta Agirrek lortutako puntuazio altua dela eta, aukera asko dituzte finalean egoteko, baina beste bi finalerdietako saioetan zer gertatzen den zain egon beharko dute.

Lasarteoriatarrak
Eta hauetan Lasarte-Oriak bi ordezkari ditu. Bihar arratsaldeko 18:00etan, Oiartzungo Elorsoro Kiroldegian jokatuko den saioan, Amaia Agirrek, Iñigo Manzisidor Mantxi, Jon Maia, Iker Zubeldia, Xabier Sukia eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa garaitu beharko ditu Ilunbeko saioko zuzeneko txartela eskuratzeko.
Eta azkenik, abenduaren 1eko saioan, Unai Muñoa Ordiziako Majori kiroldegian arituko da bertsotan Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze, Iñaki Zelaia, Joxe Munduate eta Iñaki Gurrutxaga lehiakide dituelarik.