Kontsumo eredu jasangarri baten aldeko aldarrikapen eguna

itziar-carrasco 2007ko azaroaren 23a

Erosketarik Gabeko Eguna ospatzen da gaur. Horregatik, Ekologistak Martxan eta hainbat talde eta elkarte sozialek, tartean Lasarte-Oriako Osiña taldeak, kontsumoaren gainean hausnarketa egin nahi izan dute.

Ekologistak Martxan eta Estatu espainoleko talde sozial desberdinek kontsumitzeko beste modu aktibo batengatik apustu egiten dute, "beti ere, enpresetako onurak ondorengo ardatzetan oinarrituta ez dauden neurrian: giza-bidegabekeri sistematikoetan, aberastasunaren polarizazioan, kontsumismoaren dependentzian eta baliabide naturalen suntsiketan", Ekologista Martxan taldeko kideek eta Lasarte-Oriako Osiña talde ekologistak helarazi dutenez.
Duela hamabost urte Erosketarik gabeko eguna lehen aldiz aldarrikatu zen eta "kontsumitzailearen greba eguna" bezala deskribatzen dute ekologista taldekideek. Egun honen helburua ez da produktu edo multinazional zehatz baten aurkako ekintza egitea, baizik eta "ingurugiroarekin jasangarria ez den kontsumo eredua sustatzen duen gizarte kontsumistaren aurka egitea".

Kontsumo eredu
jasangaitza
Ekologistak Martxan taldeak gizarte kontsumista salatu nahi du gaurko egunean, sostengaezina den gizarte baterantz goazelako. Buru-belarri sartuta gauden modelo kontsumistaren arriskuaz jabetu gaitezen, talde ekologistak adibide batzuk eman ditu ezagutzera: "Iparraldeko herrialdeen kontsumo eredua munduko biztanleri orotara zabalduko balitz, bizi garen bezalako hiru planeta beharko genituzke eskaera mundialari erantzun ahal izateko. Gainera, uneoro egiten den baliabide naturalen suntsiketak bi segunduero futbol-zelai bateko azalera duen baso natural bat moztea ekartzen du”.
Basoak suntsitzen ditugun bitartean, gero eta zabor gehiago ekoizten dugu etxean, lantokietan, jatetxeetan, azalera handiko supermerkatuetan. Duela 30 urte kilo erdi zabor egiten genuen pertsona bakoitzak egunean, egun, berriz, 1,5 kilo eguneko, Jose Luis Gallegok El Paisen argitaratu zituen datuen arabera.
Eta kontutan hartu behar da, ekoizten dugun zaborraren erdia bilgarriak direla. Ekologistek uste dute, azken urteotako zaborra eta hondakinen gehitzea Gipuzkoako agintariek haitzakitzat hartu dutela erraustegiaren eraikuntza "inposatzeko": "zabor ekoizpenaren gehitzea eskusatzat hartu dute Gipuzkoan erraustegiaren eraikuntza inposatzeko". Honen harira, ekologistek gogoratu dute kontsumo arduratsua zabor eta hondakinen arazoa konpontzeko bidean urrats bat dela. "Gure esku dago kontsumo kritikoa eta arduratsua egitea".
Gizarte honen kontsumo sistema eredua sozialki ere jasangaitza dela azaldu dute Ekologista Martxaneko kideek. "Ipar Ameriketako eta Europa mendebaldeko biztanleriaren %12a kontsumoaren %60aren arduraduna den bitartean, Asia hego-ekialdekoek edo Afrika subsaharianoan bizi direnek, berriz, kontsumoaren %3,2aren arduradunak dira".

Kontsumoaren eraginak
Ekologista Martxan eta Osiña taldeek sartuta gauden kontsumo ereduaren ondorioz hegoaldeko herrialdeekin zorretan gaudela azpimarratu nahi dute: "Hegoaldeko herrialdeekin sortu dugun Zor Ekologikoa hiru arrazoiei erantzuten die: batetik, gure bizimodua sostengatzeko erabiltzen ditugun inportazioko materialak eskuratzeko eragin dugun inpaktuengatik; bestetik, gure energi ereduak aldaketa klimatikoan eragin duen inpaktuarengatik eta hirugarrenik, Espainiako enpresek estatutik kanpo aritu direnean, eragin dituzten ingurugiroaren gaineko inpaktuen ondorioz. Hau dela eta, munduko herrialde gehienetako bizitza duin eta justu baten garapena arriskuan jartzen dugu".
Eta hau gutxi balitz, gure kontsumo ereduarekin ekoizpen eta kontsumo maila altu bat lortu den arre, "gogait eta zorigaitz zantzu gehien erakutsi dituen kultura gara. Neurri batean, kontsumoa gure bizitza- egitasmoak betetzeko neurritzat hartzen dugulako eta arrakasta soziala izateko kontsumo maila altua eskainiko digun lanpostua ezinbestekoa dela uste dugulako, nahiz eta lan horrek ez gaituen asetzen".
Talde ekologistak aditzera eman dituen datuen arabera, Europako kontsumitzaile helduen herenak erosketa edo gastu kontrolaezinekin arazoak dituzte eta gazteria europarraren ia erdiak gehiegizko kontsumorako joera erakusten du. %28ak azalera handiko supermerkatuetara sartzea gustuko du, nahiz eta erostekorik ez izan".
Ekologistek publizitateak jendearengan duen eragina kritikatu dute ere: "Ederrak sentiaraziko gaituzten kosmetika produktuen iragarrietan eta berezko izaera lantzeko markak kontsumitzera bultzatzen gaituen publizitatean sinesten dugu. Azken finean, frustrazioa sortarazten digu guzti honek, gure arazoen konponbidea kontsumoan dagoela uste baitugu".
Ekologistak Martxan eta Lasarte-Oriako Osiña taldeek Erosketarik Gabeko Eguna hausnarketa egun bat baino zerbait gehiago izatea eta kontsumo eredua sozialki eta inguruarekiko jasangarria bihurtu dadin dute helburu gaurko egunean.•