Urko Kolomo egitasmoaren arduradunak Hizkuntza Eta Herrien Arteko I. Truke Programaren xehetasunak azaldu dizkigu. "Programa honetarako sortutako beken bidez zortzi bisitari izango ditugu gurekin hilaren 12tik 30era arte. Bisitariek euskalgintzaren esperientzia zuzenean ikusi ahalko dute". Horretarako, bisita programa zabal bat antolatu dute elkarteetara; baita formazio saioak, hitzaldiak eta irteerak ere. "Euskalgintzari, beraz, funtzio berri bat zabaltzen zaio, alegia, gure esperientzia beste herriekin partekatzea. Truke programa honetatik hainbat proiektu berri sortzea nahiko genuke" esan du.
Ildo beretik, Garabide sortzearen zergatia azaldu du. "Kooperazio ildo berri bat aurkezten dugu garapenerako euskal lankidetzan. Euskal Herriak badu esperientzia propio eta sakon bat eta horretaz baliatu beharko luke garapenerako lankidetza sustatzeko. Fruitua, kooperaziorik duinenena eta aberatsena izango litzateke. Kooperazio identitario, kultural eta linguistiko bat proposatzen dugu. Izan ere, egun, munduko komunitate eta herri askotan nortasun galeraren une erabakiorrean daude. Hainbat herri indigena dira desagertzearen edota garatzearen arteko amildegian dantza-balantzan dabiltzanak eta gure esperientzia aberasgarria izan daitekeela herri horientzat uste dugu. Euskalgintza abiapuntu hartuta, Euskal Herritik mundura egin nahi dugu lan eta garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin bideratu nahi dugu lankidetza" jarraitu du.
Lasarte-Orian
Hiru aste hauetarako egutegi zabala antolatu dute. Besteak beste, Ikastolen Federazioa, HUHEZI, Euskaltzaindia, AEK, Elhuyar Fundazioa, Bertsozale Elkartea, Berria, EITB eta beste erakunde eta elkarte batzuk bisitatzearekin batera, formazio saioak eta banakoen testigantzak ezagutu dituzte. Laburbilduz, Euskal Herrian euskararen alde alor desberdinetan egiten dena gertuagotik ezagutzen ari direla esan daiteke, ondoren, euren komunitateetan baliagarriak zaizkienak aplikatzeko.
Bisita horietako bat astelehenean egin zuten Lasarte-Oriako Udaleko Euskarako Batzordera. Bertan, Iñaki Arruti arduradunak gure udalerrian euskararen erabilera sustatzeko egiten diren programak azaldu zizkien.•