Musika protagonista musikarien egun handian

Txintxarri Aldizkaria 2007ko azaroaren 23a

Santa Zezilia eguna atzo izan bazen ere, udal musika eskolak asteartera aurreratu zuen omenaldia eta ikasleek ikasturteko lehenengo kontzertua eskaini zuten Manuel Lekuona kultur etxeko aretoan. Jende ugari hurbildu zen aretora, baita udaletxeko ordezkari ugari ere, Jone Altuna kultura batzorde burua edo Iñaki Mujika alkateordea, esate baterako.
Taldeka, binaka, zein banaka instrumentuak jotzen ikasleen trebezia ikusi ahal izan zen oholtza gainean. Musikari dagokionez, hainbat estilo jorratu zituzten, hala nola, bossa nova, rock edo folka.
Gaztetxo hauen abilezien garapena ikusi eta entzuteko hurrengo aukera abenduaren 19an izango da, Gabonetako kontzertuan, hain zuzen ere.

Alboka abesbatza
Santa Zeziliaren ospakizunekin jarraikiz, Alboka Abesbatzak eta Alboka Txikik igandean Zumaburuko Arantzazuko Amaren elizako 12:30ko meza girotuko dute. Ostean ohizkoa den bezala, bazkide eta abeslariek bazkaria izango dute Txitxardin-beltza jatetxean. Baina hau ez da Albokak asteburu honetan duen emanaldi bakarra, izan ere, gaur arratsaldeko 20:00etan Kutxaren egoitzan, Donostiako Belen zaleen elkartearen Gabonetako ekintzen hasierako ekitaldian parte hartuko baitu. Gabon giroa izango duen kontzertu honetan gabon kantez gain, eliz abestiak eta herrikoiak entzuteko aukera ere izango da.•