Mingain urdinak abeltzaintzan eragin handia izan du

Nerea Eizagirre 2007ko azaroaren 23a

Europan 20.000 kasu baino gehiago agertu ostean, mingain urdinaren gaitza Euskal Herrira iritsi da. Oiartzualdean topatu dituzte Gipuzkoan gaixotutako aurreneko aziendak. Nahiz eta gizakiengan gaitzak eraginik ez izan, ardi eta abelgorriak hil ditzake eta nekazaritza arloan kalte ekonomikoak handiak. Denon ahotan ibilitako gaia izan da azken asteetan eta gaitz honek gure herrialdean izan duen eraginaz jakiteko, Iñaki Urruzola ganadu tratantearekin egin dugu solasean.

Lehengo astean, Oiartzualdean agertu zen lehenengo mingain urdin infekzioa, baina Gipuzkoako hainbat etxetara zabaldu da dagoeneko eta hainbat animalia hil ere egin dira.Rafael Uribarren Gipuzkoako Nekazaritza diputatuaren ustetan, “brotearen hasiera baino ez da hau; ziurrenik, aurrerantzean ere kasu gehiago agertuko dira.”
Honetaz gain, Uribarrenek lasaitasuna eskatu du, albaitarien lanari esker, gaitza lehen fasean topatu baita. Era honetara, abereak hiltzearen konponbidea ekidin eta hauek kontrolatu eta artatzea posible izango da. Hala ere, dagoeneko kutsatuta dauden etxoletako animalien %50 hil egingo direla uste du diputatuak. Gainera, ardiek abelgorriek baino arrisku handiagoa dutela ere azpimarratu zuen.
Era berean, kontsumitzaileei ez kezkatzeko eskatu du diputatuak. “Belar jale espezie batzuei bakarrik eragiten die, eta haragia eta esnea bezalako produktuak aurrerantzean ere normal kontsumitu ahal izango dira,” azaldu du. Izan ere, gizakiei ez die eragiten gaitzak, ezta animalia horietatik eratorritako elikagaiei ere. Nekazaritza arloan, ordea, kalte ekonomiko handiak eragingo ditu.

Kutsadura
Mingain urdinaren gaitza birusarekin kutsatutako eltxoen ziztada bidez zabaltzen da. Eta nekazariak harritu egin ditu gaitza sasoi honetan agertu izanak, uda izan ohi baita eltxoentzat sasoirik aproposena. Orain, hotzaren zain dago, honek eulitxoa hil eta kutsadura eten baitezake.

Analisia eta neurriak
Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, Nekazaritza Saileko Neiker-Tecnalia laborategia izan zen, Gipuzkoako azienda batzuetan gaitz hori egon zitekeela ikusi zuena. Hau jakin eta aurreneko kontrol neurriak hartu ziren, hala nola, kaltetutako ukuiluak garbitzea.
Espainiako Erreferentzia Laborategitik baieztapena eman ostean, Eusko Jaurlaritzak nekazariei animaliak ukuiluetan sartu eta handik ez mugitzeko agindu zuen.
Eta gaitza zabal ez dadin kontrol neurri zorrotzak ezarri dituzte, 20 kilometroko erradioan eritasuna harrapa dezaketen abereak ibiltzea galarazi eta 150 kilometroko ikuskatze gunea ezarri dute.
Hau guztiari txerto kanpaina gehitu behar zaio. Albaitariek 2.500 aziendetako abereak txertatu behar dituzte, baina arriskua dela eta, ardiekin hasi eta abelgorriei aurrerago txertatuko zaie. Honekin kutsatutako animaliak bere onera etortzea espero dute.
Hala ere, dagoeneko gaia ahaztuta badirudi ere, albaitariak argi dabiltza eta 2008ko udaren zain egongo dira, el-txoak ugaldu eta gaitza berragertu baitaiteke.•