Bizi osoa mendietan egin du Jesusek. Legazpin jaio eta Aizkorri mendia igotzen hasi zitzaion zaletasuna, Pirineo, Alpe eta Himalayan ibilia da, baina badira urteak mendi handiak aldizkari eta ordenagailuaren bidez ikusten dituela. Lehenik Likken aldizkaria kaleratu zuen Lasarte-Orian Alex Tetuanen laguntzaz, hiru urte iraun zituen kalean. Ostean Sua argitaletxean lanean hasi eta egun Mundo de los Pirineos eta Euskal Herria aldizkariak koordinatzen ari da.
Zergatik argitaratu duzue Montes desde Donostia?
Donostia inguruko mendien gidarik ez dago. Honetaz gain, jendeak Donostiak mendirik ez dagoela uste du, baina familiarekin ibilbideak egin eta gero, dezente daudela konturatzen zara.
Zer aurki dezakegu gida honetan?
Maila desberdinetako 40 ibilbide daude, hiru multzotan banatuak. Batetik, txangoak daude, familiarekin egitekoak eta Donostian bertan daudenak. Bestetik, igoerak ditugu. Donostia eremuan mendi gutxi dago, hala ere, 10 kilometroko irudizko zirkunferentzia egin eta hamabost bat aurki ditzakegu, hala nola, gure herrialdean ohitura handiko mendia den Adarra ezin zen liburutik kanpo geratu. Eta, azkenik, ibilbideak daude, hiriko ibilbide, zein ibilbide luzeak, Donostiako hiru hondartzak edo Donostia-Arantzazu GR-34 bide historikotik.
Jendeak ezagutzen dituen bideak dira beraz?
Bai noski, ez dago ezer berririk. Hauetako asko hiri inguruko edo porlanezko bideak dira.Ez da paisai idilikoa, baina asko goza daiteke hauetan ibiltzen.
Noiz hasi zinen liburua prestatzen?
Duela urte bete hasi nintzen. Liburua idazteko helburua ezarri, guztia antolatu, bideak egin eta idatzi. Hala ere, lagun, ezagun eta, batez ere, familiaren laguntza izan dut, esate baterako, urte berri egunean Adarra mendian egon ginen guztiak eta liburuan argazkia agertzen da.
Baina lan handia al da hau guztia prestatzea?
Ia lan guztia nik egin dut, antolakuntza, diseinua eta promozioa ere egin behar dut, Gustuko dudan gauza izanik, ez zait neketsua egin.
Honetaz gain, mapak guk eginak dira. Nik bidearen marrazkia egin eta diseinatzaileari eman diot. Honek nire laguntzaz zuhaitzak, iturriak edo leku interesgarriak kokatzen ditu.
Gainera, argitaletxean besteen lana antolatzeaz asper samar nengoen. Nire liburua prestatu eta argitaratua ikustea, poza bidertzea dakar. Oso polita izan da.
Zein bildumatan dago liburua?
A tiro de piedra bildumakoa da eta eskura ditugun mendian aurki daitezke bertan. Bilduma interesgarria da, tamaina txikikoa, erabilgarria eta ibilbideei buruzko gertakizun historikoak edo natura informazioa duena. Honetaz gain, ibilbide guztien irteera eta helmugara garraio publikoan iritsi zaitezke. Hau guztiari esker, familiarekin joateko praktikoa da.
Zein ibilbide gomendatuko zenuke?
Ez dakit, Adarra, Ulia edo Igeldoko bideak, agian.
Adarra Donostialdeako edozein puntutik ikus daitekeen mendia da, gainera, bide desberdinetatik igo dezakezu eta aztarna historiko asko ditu. Uliak ere txunditu nau. Urte asko ziren joaten ez nintzela eta itsaslabarra, goiko aldea, errota. bide zainduak harritu ninduten, Azkenik, Done Jakue bidetik Igeldora igotzea, jende gutxik baitaki kostako bidea Igeldotik igarotzen dela.
Hauek bide politak direla uste dut eta gertu daudenak gainera. Era honetan, hirian mendian ibili zaitezkeela kontura zaitezke eta kanpora joateko, Pirineotara edo, beharrik ez dagoela.
Zure ustez ibilbide batean zer da garrantzitsuena?
Bideaz gozatzea dudarik gabe, bai hemen, bai kanpoko mendi bat egiten duzunean. Gainera, familiarekin bazoaz are gehiago. Eta nire kasuan, zorte handia dut, emaztea eta alabak mendizaleak baitira eta guztiok batera egin baititugu bideak. Baina kanpora zoazenean ere, politena bidaia eta bidea egitea da, ez gora iristea.
Hala ere, hau ez da zure lehenengo liburua?
Hala da. 2000 edo 2001. urtean Montes de Gipuzkoa liburua idatzi nuen beste lasarteoriatar batekin, Iñaki Alkalderekin batera. Biok argitaletxe berean egiten dugu lan eta liburua elkarrekin egitea adostu genuen. Urte betean guztia antolatu, Gipuzkoako mendiak banatu, ibilbideak egin eta idatzi.
Hala ere, liburu hori beste bilduma batean kokatua dago eta zailtasun handiagoko igoerak dira. Harrera ona izan zuen eta 2 edo 3 edizio egin dira geroztik.
Beraz, Montes desde Donostia liburuak harrera ona izatea espero duzue?
Bai, noski. Gipuzkoan eta Euskal Herrian oro har mendizale asko dago eta mendiko gidak ongi saltzen dira.
Gainera, liburua mendian ibiltzen hasten den jendearentzat edo familientzat primerakoa da.
Baina proba handia dugu abendua hasieran, Durangoko azoka. Bertan liburua aurkeztu eta orduan ikusiko dugu zein den benetako harrera.
Zail al da menditik bizitzea?
Zorionez Sua argitaletxeak 15 urte daramatza mendiaren inguruko gaiekin zer ikusia duten argitalpen eta produktuekin eta lan eta proiektu ugari ditugu eskuartean. Esate baterako, 15 liburu berri ditugu Durangoko azokan aurkezteko. Eta nahiz eta gazteleraz produktu asko izan, askorentzat erreferentea da.•