Danok Kide Guraso Elkarteak gabonak gertu ditugula gogora arazi nahi digu eta, urtero legez, XV. Jaiotzen Lehiaketako oinarriak argitara eman ditu. Jaiotzek 80 x 60 zm.ko neurria izan dezakete gehienez. Euskarri sendoa ez duen jaiotzik ez da onartuko, ezta lehiaketa honetara aurreko urteetan aurkeztutakorik ere. Banaka nahiz taldeka har daiteke parte beti ere lan bakarra aurkeztuta.
Gutunazal itxi bat entregatu behar da lanarekin batera, honen kanpoko aldean partehartzailearen edo taldekoen adina idatzi behar da; barruan, izena, helbidea eta telefonoa. Elkarteak jakin arazi duenez, epaileek sariak banatu gabe utz ditzakete, baldin eta lanak kalitatezkoak ez direla irizten badute.
Mailak eta sariak
A mailako, 6 urte eta 9 urte bitarteko irabazleak 60 euro eta trofeoa eskuratuko ditu, 2. sailkatuak, berriz, 40 euro; 10 urtetik 13 urte bitarteko B mailan, 1go sarituak 70 euro eta trofeoko saria izango du, bigarrenak 50 euro; C mailan, 14 urtetik 17rako tartean 90 euro eta trofeoa eskuratuko ditu lehen sarituak eta 2. sailkatuak 60 euroko ordain saria; eta azkenik, D mailan, 18 urtetik gorakoen irabazleak 120 euro eta trofeoa jasoko ditu sari gisa eta 2. sarituak 90 euro. Elkarteak jakin arazi duenez, lehiaketara aurkeztu eta bertan onartutako lan guztiek 15 euroko saria jasoko dute.
Jaiotzak abenduaren 19an eta 20an, asteazkena eta osteguna, 18:00etatik 20:00etara, aurkeztu eta elkartearen eskuetan jarri behar dira Blas de Lezo kaleko egoitzan.•