Ramon Ormazabal (Ormazabal loradenda)
Zer azalduko duzue kultur etxean?
Hitzaldi aretoko sarrera zuhaitz adarrekin dekoratuko dugu eta hauei burdeos, urre eta laranja koloreko gabonetako apaingarriak gehituko dizkiegu. Gero, barruan egingo dugun guztia kolore horiek mantenduko dute. Gaur Eguberritan apainketa desberdinak proposatuko ditugu: pinu baten dekorazioa, sarrera baterako zentro handi bat, pazko landarea etxe askotan egoten da, baina aurten beste modu batera dekoratzeko proposamena egingo diegu, opariak biltzeko modu desberdinak erakutsi eta bonboiekin egindako zentro bat landuko dugu ere.
Ezinbesteko elementua gabonetako dekorazioan?
Niretzako jaiotza ezinbestekoa da. Gero pinua izan daiteke. Pinua naturala baldin bada, landare bat bezala zaindu behar dugula ez dugu ahaztu behar eta noski, gabonak pasa ondoren, ez bota zakarrontzira, baizik eta lorategi batean landatu, edo nonbaiten entregatu. Pinu artifizialak abantaila bat du, jaso eta hurrengo urterako balio digula. Eta pazko landarea, gabonetako erregina da.
Gabonetako apaingarriak modaz pasatzen al dira?
Uste dut espumiloiaiak bai modaz pasa direla. Elementu interesgarriagoak daude eta hori da jardunaldi hauetan erakusten saiatzen garena. Adibidez, gauza naturalekin dekorazioa egitea: zentroak egin daitezke adar zatiekin, eta aurreko urtetako girnalda pare bat edo hiru eta erdian kandela bat ipini. Menditik bueltatxo bat eman eta gauzak jaso daitezke, zuhaitz adarrak, pinaburuak... eta horrekin eskulanak egitea proposatzen dugu.
Zein da jendearen harrera?
Jendeak interesa erakusten du. Horregatik eskulan errazak erakusten diegu. Gertatu izan zaigu jardunaldiak pasa ondoren jendeak dendatik etortzen dela guk proposatutakoa ondo atera zaiela esatera eta horrek pozten gaitu.
Felix Sarasola (Txitxardin-Beltxa Jatetxea)
Zer prestatuko duzu jardunaldietan?
Bigarren plater bat, ganadu masailezurreko haragia ardo beltzetan patata purea goarnizioarekin eta postre bat, konpota tarta errea. Errezeta merkeak, goxoak eta bereziak edonork egin ditzakeenak. Haragiaren kasuan ordu t’erdi edo bi ordutan egin daitekeena, postreak, aldiz, prestaketa gehiago behar du 3 edo 4 ordu, konpota, tartaletak eta pastel-krema aurretik egin behar baitira.
Zein plater gomendatuko zenuke Gabonetarako?
Gehiegikeri batean bizi gara eta nire ustez ez da beharrezkoa gutiziak jartzea, esate baterako, gaztetan azalorea eta bakailao frijitua jaten genituen baserrian.
Dena dela, gaur egun jendeak muzin egiten die elikagai batzuei eta Gabonetako menuaz gain, gauza bereziak egin behar dira gutxi batzuentzat. Beraz, zerbait gomendatzea ezinezkoa da eta, nire ustez, bakoitzak bere gustuko menua egitea da hoberena.
Zure ustez, zer ez da falta behar mahaian?
Janaria alde batera utzita, familia giroa eta ohiturak falta dira. Gure gizartea indibidualizatzen ari da eta festa hauetan zegoen familia giroa desagertuz doa, baita egun hauetan zeuden ohiturak ere.
Nork prestatzen du janaria zure etxean?
Inork ere ez. Nik ez ditut Gabonak gustuko eta hemendik alde egiten dut.
Festa faltsuak iruditzen zaizkit eta gehiegikeriaz beteak. Lehen esandako familia giroa, esate baterako, festa hauetan agertu eta aste betean desagertzen da askorentzat.
Honetaz gain, asko gastatzen da egun hauetan eta jende txiroaz ahazten gara.
Juan Luis Eizmendi (Goiegi Jatetxea)
Zer proposatuko duzu gabonetarako?
Iaz gauza nahiko erraza egin nuen eta konturatu nintzan jendeak eskertu zuela. Beraz, aurten, ere hortik joko dut. Batetik, krepa odolkiz eta baratxuri freskoez beteta eta bestetik, jatetxean noizbait prestatu dudana, garai batean Añorgako Jolastoki elkartean oso ezaguna izan zen platera: bakailao Añorga erara. Bi gauza hauek aurretik prestatuta utzi daitezke. Horregatik, afaria prestatzen ari denarentzako egokia dela uste dut.
Beraz, gabonetan ere gauza errazak prestatu daitezke.
Gabonetan eta beti. Azkenean, goxoa ez zertan konplikatua izan behar. Askotan kontrakoa da.
Menuei dagokienez, ohiturak aldatu al dira?
Jakiak ez dira asko aldatu. Aldatu dena ospatzeko lekua da. Lehen, famili oso bat etxe batean biltzen zen, batak gauza bat prestatzen zuen, besteak postrea... Egun, jendeak gero eta gehiago etxetik kanpo ospatzen du eta sukaldeko lana gainetik kentzen saiatzen da.
Asko jaten den egun hauetarako zer gomendatuko zenuke?
Ni ez naiz egokiena jendeari gomendiorik emateko, neonek asko jaten dut eta.
Gabonetan sukaldean arituko al zara?
Tarteka kapritxozko zerbait prestatzen dut. Horretan zorte handia daukat, Goiegiko familiako naiz eta amak eta izebek hartzen dute gabon gaueko afaria eta ondorengo bazkaria egiteko ardura eta urte zaharrean aitan aldeko familiarekin biltzen gara eta hara ere, esaten den bezala, "a mesa puesta" joaten naiz.
Zein edari aukeratzen duzu gabonetarako?
Ardozalea naiz. Beraz, ardo beltz goxo bat aukeratuko nuke, ez du zertan Errioxakoa izan behar, nafarrak ere oso goxoak daude.
Barrenetxe Gozotegia
Zer aurkeztuko duzue kultur etxean?
Bi aperitibo mota prestatuko ditugu, errazak prestatzeko eta nahiko ekonomikoak direnak. Lehendabizi, ogi sorpresa deitzen dioguna: tarta moldean egiten den etxeko ogi bat da. Ogiaren mamia kontu handiz atera eta xerratu egiten da. Ondoren, aperitibo hotzekin betetzen dugu otarteko edo sandwicha balitz bezala: txaka entsaladarekin, urdaiazpiko goxo batekin, izokinarekin, triku kremarekin... Sandwicha, berriz ere, ogian sartzen da eta tapan lazo handi bat jartzen zaio mahaian aurkezteko. Ogi sorpresa txikiak egin daitezke, edo handi bat. Aperibibo beroa ere egingo dugu: hostopilaz egindako bolobanak. Besamela porru edo tipula frijituarekin edo gehien gustuko dugunarekin bete eta beroa zerbitzen da.
Zein postre gomendatuko zeniguke?
Postre arin bat, noski. Aurten gauza berri batekin esperimentatzen hasi gara: gabonetako enborrak musez edo trufaz beteak. Nola ez, turroia.
Iazko jardunaldietan turroia egin zenuten.
Bai eta jendeak eskertu zuen. Aurten dendan hogei turroi mota desberdin izango ditugu. Kontserbatzailerik ez diogunez botatzen, azkeneko momentuan egiten ditugu.
Nola aurkeztu daitezke turroiak?
Nik nire etxean plater handi bat prestatzen dut: turroi desberdinetako mokauko zatiak jartzen ditut eta gero polboroiekin eta bonboiekin dekoratzen dut.
Bezeroek zer eskatzen dute gehien?
Denetarik eramaten dute: mokauko pastelitoak, tartak, turroi asko... Hogeita hamar urte baino gehiago daramatzat honetan, beti gauza berriak egiten saiatzen gara eta pautak guk jartzen ditugu.
Zergatik bazkarien ostean gozoa jateko ohitura dago?
Bazkariko onena delako.