Udalak 20.000 euro bideratu ditu Perura eta Bangladeshera

Txintxarri Aldizkaria 2007ko aza. 28a, 01:00
Nazioarteko Gurutze Gorriak egindako laguntza eskaerari erantzunez, Udalak 20.000 euroko dirulaguntza ematea onetsi du. Hain zuzen ere, 10.000 euro bideratuko dituzte lurrikarak Perun eragindako kalteak konpontzera eta beste horrenbeste Bangladeshen tifoiak eragindako hondamendira.
Joan den abuztuaren 15ean 7,9 indarreko lurrikara batek Peru astindu zuen, kalte izugarriak eraginaz, Liman eta inguruko herrietan bereziki. Datu ofizialen arabera, 503 hildako, 1.042 zauritu eta 33.939 sendi kaltetuak izan ziren. Kalte pertsonalez gain, kalte materialak ere handiak izan ziren eta errepideak ,ospitaleak eta bestelako eraikinak egoera tamalgarrian geratu dira eta 33.000 etxebizitzatik gora erabat suntsituta geratu dira. 54.000 biztanle dituen Pisco hirian, adibidez, azpiegituren % 80 suntsituta edo kaltetuta daude.
Kalterik larrienak jasan dituzten barrutietara iristea nekeza da oraindik errepideak moztuta daudelako eta eraikin publikoak, ikastetxeak, etab. itxita jarraitzen dute eraikinen kalteak erabat baloratu arte.

Sidr zikloia
Baina zoritxarrez, bestelako hondamendi naturalak ere izan ditugu. Zentzu horretan, azaroaren 15an Sidr zikloiak 2,7 milioi pertsona kaltetu zituen Bangladeshen. Datu ofizialen arabera, 500.000 etxebizitza suntsituta geratu dira eta beste 273.000 kaltetuta. Gainera, bertako biztanleen bizi iturri ziren 693.000 lur hektarea birrindu eta 242.000 abelburu hil dira.
Gurutze Gorritik jakinarazi dutenez, une honetan, “oinarrizko beharrei erantzun nahian gabiltza eta higienea ziurtatu eta babesa ematera bideratu ditugu indarrak”.
Egoera larriari soluziobidea emate aldera, Gurutze Gorriaren eta Ilargi Erdi Gorriaren Nazioarteko Federazioak laguntza humanitarioa jarri du martxan eta 30.000 bolondres ebakuazio eta lehen sorospen laguntza ematen ari dira, elikagaiak eta ura banatuaz.

Laguntza eske
Aipatu bi laguntza deialdiekin bat eginik eta Gurutze Gorriko ordezkariekin hitz egin ondoren, Lasarte-Oriako udalak arestian aipatutako 20.000 euroko dirulaguntza bideratzea onetsi du. Horrekin batera, “lasarteoriatarrak animatu nahi ditugu ahal duten neurrian lagundu dezaten. Horretarako, erakunde desberdinek zabaldu dituzten kontuetan sar dezakete dirua” eskatu dute.•