Emakumeen kirol federatua sustatuz

Txintxarri Aldizkaria 2007ko azaroaren 30a

Kirol federatuan emakumeen parte-hartzea bultzatu asmoz, lankidetzako hitzarmenak sinatu dituzte Lasarte-Oriako Udalak eta Lasarte-Oria Kirol Elkarteak -Saskibaloiko, Judoko eta Atletismoko atalak-, Ostadar Kirol Fundazioak -Futbola- eta Lasarte Igeri Elkarteak.

Sinaketa ekitaldian, Ana Urchuegia alkate-presidentea eta Jesus Zaballos Udalaren Kirolen Batzordeko zinegotzi-presidentea izan dira Udaleko ordezkari moduan. Kirol elkarteen aldetik, Manuel Morales Lasarte-Oria Kirol Elkartearen gordailuzaina, Itziar Carrasco Ostadar Kirol Fundazioaren ordezkaria eta Itziar Eraunzetamurgil Lasarte Igeri Elkartearen ordezkaria izan dira.
Udalak kirol elkarteei ematen dizkien laguntzen helburua, kirol jarduera federatuan emakumeen parte-hartzea bultzatuko duten egiturak sustatzea da, beti ere “egituron proiekzioa eta interesa bat baldin badator Lasarte-Oriako Udalaren kirol-politikarekin”.

Emakume gutxi kirol
federatuan
Emakumeek kirol federatuan parte hartze eskasa dutela ikusirik, Lasarte-Oriako Udalak laguntza lerro bat garatzea erabaki zuen emakumea positiboki diskrimanatze aldera kirol federatuko jarduerei ekiterakoan.
Sustatze lan hori herriko kirol elkarteekin lankidetzako hitzarmenak sinatuz gauzatzen da. Hitzarmen horietan, aipatu planean finkatutako helburua betetzeko alderdiek bere gain hartzen dituzten betebeharrak jasotzen dira.
Emakumeen kirol jarduera federatua sustatzeko, urtean, 18.030,36 euro banatzen ditu Udalak.
Sinatzen diren hitzarmenak urtebeteko iraupena dute. Laguntza hauek ez dute jarraipen espiriturik, beraien iraupen muga 2011 urtean ezarri baita. Beraz, kontuan izan behar da ezen, hitzarmenaren azken helburua dela “beren jarduera autonomoki garatzeko gaitasuna duten eta kirol eta finantza alorrean orekarako bermea duten kirol egiturak bultzatzea”.•