Dantza, musika eta pailazoak Gure Ametsa Klubaren jaialdian

itziar-carrasco 2007ko azaroaren 30a

Pertsona Ezgaituen Nazioarteko Eguna da astelehena eta egun horretan ezgaituen dignitatea, eskubideak eta ongizatearen alde egitea da helburua. Honetaz gain, pertsona ezgaituen integrazioa bizitzako arlo desberdinetan -politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean- duen onuraz jendea sentsibilizatu nahi da. Nazio Batuen Erakundeak helarazi duenez, "1982ko Asanblada Orokorrak Ekintza Mundialerako Programan ezarri zuen helburua betetzea da Nazioarteko Egun honen jomuga, hots, pertsona ezgaituek giza eskubideetaz gozatzea eta gizartean berdintasun baldintza berdinekin parte hartzea lortzea".

Gure Ametsa Kluba
Lasarte-Oriako Gure Ametsa Aisialdi Klubak hamasei urte inguru daramatza bide horretan lanean. Aisialdi Klubaren lehen helburua Lasarte-Oriako ezgaituen aisia betetzea izan zen eta lan honetan udalaren laguntza jaso du. Pili Bermejo Gure Ametsa Klubeko begiraleak azaldu duenez, "helburu hauetan oinarrituz, uste dugu oso garrantzitsua dela gazte hauek Lasarte-Oriakoak direnez, Lasarte-Orian antolatzen diren ekitaldi, txapelketa eta herriak eskaintzen dituen zerbitzuetan parte hartu dezaten". Gaur egun Gure Ametsa Klubeko gazteek San Pedro jaietako danborradan, San Anako parodian, dardo txapelketan eta herrian antolatzen diren hainbat txapelketetan parte hartzen dute. "Azken finean, gazte hauen errealitatea herritarrei hurbiltzea da gure helburua. Horregatik, beraien aisia interesgarriak dituzten ekintzekin betetzen eta antolatzen saiatzen gara, beti ere herriko jardueretan integratuz. Eta, egun, Klubeko gazte hauekin beste helburu bat jorratzen ari gara: Klubetik kanpo eta beraien kabuz aisia antolatu dezaten".

Begirale gutxi
Gaur egun, bederatzi begiralek aritzen dira urte osoan zehar 16 eta 35 urte bitarteko 15 gazteekin. Eta Pilik kontatu digunez ez dira aspertzen. Izan ere, ostegun, ostiral eta larunbat arratsaldeetan elkartzen dira ekintza desberdinak burutzeko eta urtean hirutan asteburua kanpoan igarotzeko txangoak antolatzen dituzte. Pilik eskertu nahi izan du laguntzaileen lana: "urtean zehar tailer desberdinak antolatzen ditugu Klubeko kideak ez diren pertsonen laguntzarekin eta esertzen da hauen lana. Baina, askotan begirale falta nabaritzen dugu. Beraz, gazte hauekin ordu batzuk igarotzeko prest daudenei deialdi luzatu nahi diet, aisialdia igarotzeko modu aberasgarri bat delako".

Ekitaldi desberdinak
Pertsona Ezgaituen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatzen den arren, Lasarte-Oriako Gizarte Zerbitzuen Departamentuak eta Gure Ametsa Klubak, asteburu honetarako ekitaldi desberdinak prestatu dituzte.
Gure Ametsa Klubeko bazkide, begirale eta laguntzaileek prestatu eta interpretatuko duten jaialdia eskainiko dute bihar 19:30etan, kultur etxean, dohainik. Jaialdian Klubeko kideetaz gain, herriko elkarteetako hainbat partaide ikusi ahal izango dira taularen gainean: Ostadarreko neskak, abesbatza rozieroa, Alboka eta Alboka Txiki abesbatzak.
Igande eguardian, berriz, bazkari batekin ospatuko dute eguna. Aisiako Gure Ametsa Klubeko bazkide, begirale, senide, laguntzaile eta hurbilekoei zuzenduriko herri-bazkaria herriko jatetxe batean egingo dute. Bazkaldu ondoren, Gure Ametsako kideek urtean zehar lagundu duten herriko taldeei oparitxo bana emango diete, euren lana eskertuz: Also tabernari, Lasarte-Oria Kirol Elkarteko saskibaloi taldeari, San Ana antolakuntzari, Hermandad de la Virgen del Rociori eta herriko Udalari.•