Odol emaile beharra

Txintxarri 2007ko abenduaren 3a

Lasarte-Oriako Odol Emaile elkarteak jakin arazi duenez, azaroaren 26ko odol emate deialdira 73 pertsona hurbildu ziren. “Hauetako lau odol emaile berriak izan dira eta garrantzitsuena gazteak direla da,” aipatu digu Joxe Usabiaga arduradunak.
Eta, honetaz gain, azken hiru hilabeteko irakurketa egin du elkarteak, irailean odol emaileei telefonoz deialdia egin zitzaien eta 82 odol emate egin ziren; urrian berriz, beherakada handia egon zen, 49 odol emaile soilik hurbildu baitziren anbulatoriora eta azken hilabete honetan lehen esan bezala kopuruak berriro ere gora egin du.

Odol emateak eta egun aldaketa
Hala ere, Joxek odol emate gehiago behar direla azpimarratu du. “Izan ere, Odol Bankuan odol gutxi dago eta iristen dena berehala erabiltzen da,” onartu digu Usabiagak. Horregatik, lasarteoriatarrak hurrengo deialdian anbolatoriora gerturatzera animatzen ditu Joxek.
Gainera, abenduan egingo duten egun aldaketaren berri ere eman du. Abenduko azken astelehenean izan beharrean, odol ematea abenduan 17an izango da arratsaldeko 18:30etatik 21:00tara.