Euskal Herriko ehiza txapelketan Antonio Carrascok hirugarren postu eskuratu zuenaren berri eman genuen TXINTXARRIko 655. zenbakian eta Laura Martinek ere txapelketan parte hartu zuela aipatu genuen. Baina Laurak ere emakume mailan hirugarren postua lortu zuenaren berri ematea ahaztu zitzaigun.
Honela, Laura Martin Modes Iraola eta Amaia Urra gipuzkoarrekin batera podiora igo zen azaroaren 18an lehiatu zen Euskal Herriko ehiza txikiko txapelketan.
"Esperientzia ona izan zen, baina hotza handia egiten zuen, zero azpitik 7 gradu baitzeuden lehiaketa hasi genuenean," aipatu digu Laurak.
Maila handia
Arabako El Castillo ehiza esparruan, zortzitik hamarrera emakume lehiatu ziren, Gipuzkoako sei ordezkari eta Bizkaikoak beste guztiak.
Lehia handia egon zen, baina urte askotan lehenengo postua eskuratu duen Modes Iraolak lortu zuen txapela, bi faisai eta bi eper bota ostean.
Hala ere, gazteak ere indartsu dabiltza. Horren adibide bigarren eta hirugarren postuak lortu dituzten Amaia Urra eta Laura Martin lasarteoriatarra ditugu.
Lauraren txapelketa
Iazko txapelketan laugarren postua egin ostean, faisai bat eta bi eper botata podioan postu bat igotzea lortu zuen Laurak.
“Oso kontent nago Euskadi mailan hirugarren postua lortu dudalako. Gainera, zakurrarekin lehenengo txapelketa nuen eta ez nekien nola erantzungo zuen,” dio Buruntz Azpi elkarteko ehiztariak eta segidan zera atxikitzen du “Ness urte t'erdiko setter ingelesa da. gaztetxoa lehiatzeko. Elkar gutxi ezagutzen dugu, hala ere, lehian ginela oso ongi erantzun zien nire aginduei eta ez nuen arazorik izan.”
Etorkizuna
Etorkizunera begira, Laurak aurtengo markak hobetzea espero du eta barre artean zera aitortu digu, “2008ko Euskadiko ehiza txikiko txapelketa irabazteko asmoa daukat eta horretarako gogor prestatu beharko naiz, baita zakurrak ere.”•