“Abestiak hizkuntzetara itzuli nahi ditut, jendeak uler ditzan”

Nerea Eizagirre 2007ko abenduaren 3a

Urte asko beste taldeekin lanean egon ostea, duela bost urte Aurki ezazue nola izeneko maketa egin zuen. Diskoetxe batek ekoizteko asmoarekin, Durangoko azokara joan eta kopia bat eta dossierra banatu zizkien bertan zeuden guztiei. Elkarrek bakarrik erantzun zuen eta bere estiloa ez zela esan zioten. Besteen erantzunik ez zuen izan. Orain, Malagatik deitu diote diskoa grabatzeko.

Nola demontre iritsi da zure maketa Malagara?
Malagatik deitu zidatenean, harritu ninduen, baina pixkanaka zergatia jakin nuen.
Duela bost urte, maketako kopiak banatu nituen eta dirudienez horietako bat Malagako diskoetxera iritsi zen. Ostean, maketa grabatzen lagundu zidan lagunetako bat, Ramon Perez las Peñas, Malagara joan zen bizitzera. Han talde bat sortu eta diskoa grabatzeko asmoa zuen. Diskoetxera joan eta aurreko lanak erakutsi zizkienean, hauek harrituta geratu ziren maketa berak egin zuelako.

Zein asmo du diskoetxeak?
Malagako diskoetxeak Japonian euskara gustoko dutela entzuna du, hizkuntza antzekoa dela etab. eta diskoa hara eraman nahi du.
Gainera, Interneten Joxerra izena sartu nahi eta, dirudienez, Japonian norbait bada izen hori erabiltzen duena.
Hemen ere salduko da. Hala ere, diskoetxearen asmo nagusia atzerrian saltzea da. Ez dakit gustuko izango duten.

Japonian kontzerturik emateko aurreikuspenik al dago?
Nik ez dakit ezer hortaz. Nire asmoa, hemen jotzea da. Inguruan kontzertuak eskaini ditut. Lasarte-Orian bitan edo jo dut, taldeekin edo bakarrik, baina nire erronka Udalak antolatutako kontzertua ematea da.

Diskora bueltatuz, noiz hasiko da grabaketa?
Abendu bukaeran, baina data zehazteko dago. Gabonetan lanpetuta nago, berriro ere aita izateko zorian eta ez dakit noiz izango den posible. Nik aste bete egin behar dut han eta, ostean, bideoklipa, argazkiak... gauza asko dira.

Eta maketako abestiez osatua egongo da soilik?
Bai, hala da. Maketako abestiak mantenduko ditugu, aldatzen dena, aldiz, musika da. Beste era batera entzun ahalko da, nahasketa berriak egingo baitira.
Maketan instrumentu askoren soinua sintetizadore bidez eginak zeuden, orain diskoetxeko profesionalek joko dituzte instrumentuak.
Hala ere, Ramonek antolatuko du guztia, ekoizle lanak eta moldaketak egingo ditu, lehen ere maketan hark egin zituen.
Honetaz gain, ahotsa triste geratu zen maketan, garaje batean grabatu genuenez. Ez zen nik nahi nuena.

Zein estilo du diskoak?
Abesti bakoitza desberdina da, rocka, habanera, countrya, etab. Estilo desberdina erabili dut, bakoitza mundu bat baita. Bizitzan gertatzen diren gauzak kontatzen ditut, horregatik, erritmo desberdinak dituzte.
Normalean diskoak estilo bat dauka eta abestiak bata bestearen kopiak dira. Nirea disko gogorra da, ez baikaude ohituak horrelako gauzak entzutera. Hala ere, entzuteko erraza da eta abesti bakoitzak abeslari bat edo estilo bat dakar burura.

Zein gai jorratzen dituzu?
Esan bezala egunero gertatzen diren istorioak dira, etorkinak, Irakeko guda, drogak, alkohola, erraustegia, etab. Eta hauen zergatia, konponbidea ditut hizpide abestietan.

Zer egin duzu bost urte hauetan?
Bakarka kontzertu batzuk eskaini nituen, probatzeko.
Honetaz gain, Lanku bertsolari elkartearekin batera ere lan egin nuen. Musika, bertsoa eta kantuaren arteko nahasketa egin genuen, baina ez zuen arrakasta handirik izan. Berriro ere, talde kide izan nahi nuen, besteekin batera lan egin.

Orduan, nolatan animatu zara orain bakarkako diskoa grabatzera?
Nik ahaztua nuen, ez nuen asmorik eta deitu didatelako egingo dut. Nahiz eta maketa kapritxo bat izan, egindako lan hori aprobetxatu behar zela uste nuen.
Orduan, besteen laguntzaile edo talde kidea nintzen eta inor ez nintzela sentitzen nuen. Erronka pertsonala zen niretzat.

Jakin dugunez, disko honetan oinarrituta beste egitasmo bat darabilzu buruan. Zertan datza?
Diskoko hizkiak beste hizkuntzetara itzuli nahi ditut, zenbat eta gehiago hobe. Ez du inork egin eta erronka izango da.
Internet bidez egin nahi dugu eta diskoetxearen laguntza izango dut. Honek web orrialde bat sortuko du diskoa ateratzen, udaberrian gutxi gora behera.
Jendeak borondatez egin dezan nahi dut. Oraingoz, okindegiko bezero batzuen laguntza izan dut eta zortzi hizkuntzetara itzulita dauzkat abestiak, gaztelera, poloniera, galegoa, alemana, Filipinetako tagalog hizkuntza, errusiera eta katalana. Euskara garrantzitsua da niretzat, baina zaila da ulertzeko eta era honetara errazago egingo zaie nire abestiak ulertzea. Gainera, nire asmoa euskarazko diskoa atzerrian saldu daitekeela erakustea da.

Zein da Joxerra San Sebastianen etorkizuna musikaren munduan?
Nire burua ogia saltzen ikusten dut. Gainera, bi hilabetetan bikiak izango ditut. Ez daukat denborarik. Honetaz gain, urte asko egin ditut errepidean. Ez dut jotzera behar tua egon nahi eta hemendik kanpo ibiltzea ez dut gogoko. Kontzerturen bat ematea edo abestiren bat konposatzea, tira, baina profesionalki jarraitzeko asmorik ez dut.•