Itziar Carrasco
Euskarak urteetan zehar beherakada nabarmena jasan du egoera politiko eta sozialen ondorioz. Europako hizkuntza zaharrena izanik, Eusko Ikaskuntzak, Euskal Herriko zein munduan zehar dauden euskal etxeetan euskara sustatzeko etengabe ari dira lanean. Eusko Ikaskuntza Elakrtearen ustez, "euskarak bere aukeren kontzientzia izan behar du eta euskal gizarteak euskarak galdutako espazioak pixkanaka berreskuratzeko ardura", honen harira, "Euskararen Nazioarteko Egunak (ENE) euskararen aberastasun kulturalean sinisten duten pertsona eta elkarteen atxikipena lortzea du helburu".
Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna sortu zuen 1949an, hain zuzen ere, Eusko Ikaskuntzak Bayonan, Lapurdin, ospatu zuen VII.Batzarrean. Geroztik, Euskal Herrian eta munduan zehar euskararen alde aritzen diren euskal etxe eta elkarteetan ospatzen da egun hau. "Elkarteak, XXI. mendean, gizarteko aldaketa eta erronka berrietara egokituz, gogo biziz eusten dio euskal hizkuntzari bere lan arlo guztietan", Eusko Ikaskuntzatik helarazi dutenez. Nestor Basterretxeak, euskal artistak, 2005ean diseinatu zuen Euskararen Nazioarteko Egunerako logoa eta urteroko ospakizunaren identifikazio ikurra bilakatu da.
Ikastetxeetan jaialdiak
Lasarte-Oriako ikastetxeetan ere, urtero bezala, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte gaurko. Landaberri Ikastolako txikienak gaurko eguna abesten hasiko dira Jon Lasaren trikitixaren laguntzaz -Harri murri zapero, Jalgi hadi plazara, etab-. Ondoren, bakoitza bere gelara bueltatu, gelako argazkia egingo eta ondoren,hamaiketakoa!
LH 3, 4, 5 eta 6. mailakoek, berriz, arratsaldean egingo dute jaia. Lau gune desberdin antolatu dituzte: euskal abestien gunea, bestean txisteak kontatuko dituzte, frontoian jolasak eta konpromezuaren txokoan, Bai Euskarari hormirudia aprobetsatuz, ikasleek euskararekiko atxikimendua adieraziko dute.
Sasoeta-Zumaburu ikastetxean ere egun berezia izango da gaur. Megafoniatik eskal musika jarriko dute goiza girotzeko. Ikasleek irratsaio berezia igorriko dute goizean zehar, ikastetxeko pasabidean panel desberdinak jarri dituzte ikasleek euskarari buruz duten iritzia jasotzeko. Eta 3 gunetan euskararen aldeko firma bilketa egingo dute ere, honetarako gurasoen inplikazioa eskatzen dute irakasleek.
Ikastetxeek urtean zehar euskararen alde lan egiten dute eta gaurkoan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute.•