Txintxarri
Musikalis kamara abesbatza izan zen III. Musika Topaketa hauei hasiera eman zion taldea eta bere jardunaz aski gozatu zuen Brigitarren komentura hurbildu zen jendea, baita udaleko ordezkariak ere, Ana Urchueguia alkatea, Jone Altuna Kultura Batzorde burua edo Iñaki Mujika alkateordea.
Kamara ahots taldeak El Fervor Religioso izeneko kontzertua eskaini zuen eta hainbat garaiko musika erlijiosoa jorratu zuen, T. L. de Victoriaren obratik gaur egungo gospeleraino.
Ahots taldea, solistak, zein bikoteak tartekatuz taldearen ahots kalitate erakutsi zuen, Aita Madinaren AitaGurean edo Delibesen Duo de las flores abestian,esate baterako.
Kontzertu amaieran lasarteoriatarrek txalo zaparrada handia eskaini zioten ahots taldeari eta Musikalisek Robert Ray egilearen Gospel Mass mezaren Gloria izeneko zatia abestu zuen esker moduan.
Musikalis
1991. urtean Javier Santacanak, Musikabe Eskolako kantu-irakasleak, kamarako ahots talde bat sortu zuen bere ikasleekin. 2001. urtean, berriz, Iñaki Cárcamo zuzendariaren laguntzarekin, Santacanak talde egonkor bat sortzeari ekingo zion eta ekimen honen haritik sortu zen Musikalis.
Garai eta estilo askotariko obrak landu dituzte Purcellen Dido eta Eneas, Vivaldiren Gloria, Pergolesiren Stabat Mater edo Haydn-en Bezperak, esate baterako. Baina musika talde honen helburuetako bat musika emanaldietan gutxitan taularatzen den Euskal Herriko errepertorioa biltzea eta interpretatzea da. Honen emaitza Aus-Art Record diskoetxeak argitaratutako hainbat disko ditugu.
Honetaz gain, Victoria Eugenia Antzokiaren irekiera kontzertuan parte hatu zuen, Michael Haydnen Bezperak eta Réquiema eskainiaz.•