42. Durangoko Azoka umorez eta berrikuntzez betea

Nerea Eizagirre 2007ko abenduaren 3a

Bi egun falta dira 2007ko Durangoko Azokak ateak zabal ditzan. Argitaletxe, elkarte eta diskoetxeek 554 berrikuntza aurkeztuko dituzte abenduko zubiko bost egunetan. Hala ere, honetaz gain, kontzertuak, hitzaldiak, mahai inguruak eta umorea aurki daitezke Azokan, TXINTXARRI aldizkaria eta Ttakun Kultur elkartea ere Topaguneko standean aurkituko dituzue. Beraz, anima zaitezte.

554 liburu eta disko berri, 161argitaletxe, elkarte, diskoetxe eta erakundeen, 317 stand, horiek aurtengo edizioko zenbakiak.
Hala ere, azoka gauza gehiago ere bada eta aurten umorea izango da nagusi, izan ere, hau da 2007ko gaia. Eta hau ardatz bezala hartuta ekitaldia ugari antolatu dituzte. Inaugurazio ekitaldian, esate baterako, Andoni Agirregomezkorta Vaya semanita saioko aurkezleak parte hartuko du.
Egitarauan, bestalde, bi estreinaldi eta azken emanaldi bat aipatzekoak dira. Oroimenaren lupa Paia neba-arrebek eta Unai Elorriagak prestatu dituzten bertso-musikatuen ikuskizun berria batetik, Txalo Produkzioaren Sommer jaunaren istorioa antzezlana eta Zazpiak Batman Kolektiboak, aldiz, azken emanaldia izango du, Laster Master: inkomunikazio ikastaro azkarra hitzaldi umoretsua Azokan eskainiko baitute.
Honetaz gain, Kutsidazu bidea, Ixabel filmaren emanaldia eta Hemen jaungoikoari ere barre mahai ingurua antolatu direla jakin arazi dute antolatzaileek.
Musikari dagokionez, Euskal Greates Hits Gaua nabarmendu dute antolatzaileek. Ekitaldi honetan, Durangaldeko Musika Taldeen Elkarteko kideek euskal musika taldeen doinuen bertsioekin kontzertu-maratoia egingo dute.
Maiatz eta Iparraldea
Durangoko Azokak 2007 honetan, Argizaiola saria Maiatz elkarteari emango dio, honek Ipar Euskal Herrian euskararentzat eta literatur zaleentzat egindako ekarpenak goraipatu nahi baititu.
1981ean sortutako elkarte honek, Maiatz aldizkariaren lehen zenbakia aurkeztu zuen 82. urtean eta ordudanik urtero-urtero, aldizkariaren azken alea ezagutzera eman du Durangoko Azokan.
Honetaz gain, Iparraldeak protagonismo berezia izango du aurtengo Azokan, Eta, honi esker, Ipar Euskal Herriko bederatzi argitaletxe eta diskoetxeetako lanak ikusteko aukera egongo da.
Georgiako literatura
Hala ere, 2007ko edizio honek ekimen berezi asko izango ditu.
Hauetako bat, abenduaren 8an eguerdiko 12etan Georgiako literaturgintzari buruzko hitzaldia izango da. Nazioarteko literatura sustatu nahian Durangoko Azokak Georgiako idazleak gonbidatu ditu aurten.

Olentzeroren bisita
Baina ez da guztia helduei zuzendua izango, haurrek ere bere gunea izango baitute. Eta antolatzaileek jakin arazi dutenez, aurreko urteetan baino Haur Literatur Areto dinamikoagoa antolatu da.
2 eta 12 urte arteko gaztetxoek 180 metro karratuetan liburu artean jolastu, ginkana berezietan lehiatu, euskarazko karaokean kantatu, ipuin kontalarien saioetan parte hartu edo liburuak lasai begiratzeko aukera izango dute.
Baina bisitarik bereziena azken egunekoa izango da: Olentzerorena. Eta Haur Literatur Aretora hurbiltzen diren gaztetxoek ekitaldi honetarako egin den eskutitz berezia bete ahal izango dute. Azokaren azken egunean Olentzerok bat aukeratu eta gabonetan eskutitzean eskatutakoa etxean izango du haur zorionekoak.•