Andoni Arozena idazleari omenaldia

Txintxarri 2007ko abenduaren 13a

Andoni Arozena Gomendio 1907. urteko maiatzaren 30ean jaio zen Lasarte-Orian. Gerra Zibilaren garaian Iparraldera alde eta handik Venezuelara egin zuen. Laurogei hamarkadaren hasiera aldera itzuli zen Lasartera. Bere ametsetako sorterria oso aldatuta aurkitu zuen arren, Lasartek independentzia lortzeko ahaleginean buru-belarri jardun zen. Venezuelara bueltatu zen, semeen ondora, eta 1989ko abenduaren 6an hil zen.

Euskaltzale
Andoni Arozena euskaltzalea eta abertzalea izateagatik nabarmendu zen. Andoniren ustetan, antzerkia zen euskararen oinarri sendoetako bat eta hainbat obra idatzi zituen. Ez zen, ordea, bere lana antzerkira murriztu, olerkiak eta ipuinak ere idatzi baitzituen.
Eta, honetaz gain, Caracasen bizi zenean euskara eta euskal kulturaren alde egin zuen lan eta Euskal Etxea sortzeko lanetan ere aritu zen. Urte asko igaro zituen euskarako irakasle, Martin Ugalderekin batera, eta bere eredu eta metodoa osatu zituen eskola horiek emateko. Kultur suspertzaile ere izan zen eta hainbat aldizkaritan kolaborazioak egin zituen, beti ere, euskaraz.
Egitaraua
Horregatik Lasarte-Oriako Udalak, Euskarako Batzordearen bidez, bere euskaltzaletasuna, euskararen alde eta euskaraz egindako lan interesgarria omendu nahi du gaurko antolatu diren ekitaldietan.
Hasteko, Andoni Arozena jaio zen etxean, gaur egungo Geltoki kaleko 4 zenbakiko lehenengo solairuan hain zuzen ere, Udalak idazlearen omenezko plaka bat ipini du.
Arratsaldean, berriz, 19:00etan Manuel Lekuona kultur etxean, Nerea Navarro lasarteoriatarrak Arozenaren bizitzari buruz idatzitako Bidegileak liburua aurkezteaz gain, Egan liburu sortak Andoni Arozena. Idazle eta kazetari liburua ere ezagutzera emango da.
Aurkezpenean Ana Urchueguia alkatea, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordea Patxi Baztarrika, Ricardo Ortega Lasarte-Oriako Euskara Batzordeko burua eta Iosu eta Xabier Arozena Andoniren semeak egongo dira, besteak beste.
Ondoren, 20:00etan, auditorioan Arozenak idatzitako bi antzezlan, Urteurrena eta Mox, Miss eta Xapi, antzeztuko ditu Landaberriko antzerki eskolak.•