Egunotan, lasarte-oriatarrak omenaldia eskaintzen ari dira Andoni Arozena Gomendiori. Ez da pertsonaia ospetsu eta oso ezagun horietako bat, baina bere xumean egin zuen meriturik aski. Agian, polifazetikoa zela esanda definituko genuke ongien, baina, nik esan behar banu, esango nuke egin zuen guztia euskaragatik egin zuela.
Oso gazterik hasi zen luma astintzen. Besteak beste, antzezlanak borobildu zituen; ordea, harentzat antzerkia euskarari indar emateko modu bat baino ez zen. Euskara zuen gogoan urratsero.
Gauza batek harritu nau: nonbait irakurri dut ez dela omentzen politko gisa, baizik eta euskararen alde egin zituen lanengatik. Beharbada, Lasarte-Oria kolore anitzekoaren gainean bat gehiegi nabarmendu ez zedin esan dute hori, baina egia garbi aitortzen duenak esan beharko du politikan ere euskara defenditzearren sartu zela. Ikurriñak, batzokiak eta gaineratikoak ez ziren deus harentzat euskararik gabe.
Gerra zibilak erbesteratu bazuen ere, ez zuen albora utzi euskararen aldeko grina; Caracasen jarraitu zuen lanean, beti ildo beretik, euskara ipar zuela; ez zuen zentzurik Euskal Etxeak euskararik gabe.
Izaera zorrotzeko gizona omen zen; hori begi-bistakoa da, geldokeria ez da bide estu eta luzerako anoia. Polemikoa omen zen, euskara garbia gustatzen omen zitzaion, "H"a ezin omen zuen ikusi; eta zer, zintzo eta koherente jokatu bazuen?
Frustraturik erretiratu omen zen berriro Caracasa. Hori ere ez da beste inori gertatu ez zaiona. Bakarren bat badago gaitz horretatik libre, altxa dezala eskua.