Hiru gerriko beltz berri LOKEn

Txintxarri 2007ko abenduaren 13a

TXINTXARRIko 658ko zenbakian Alvaro Mendibe judokak 5. dana lortu zuenaren berri eman genuen, baina azaroaren 25eko Errenteriko azterketan LOKEko hiru judokek ere gerriko beltza lortu zuten. Maite Matxain, Imanol Urkola eta Julen Sasiainek azterketa gainditu eta gerrikoa eskuratu zuten.

Txintxarri
Azaroaren 25an Gipuzkoako judokek gerriko beltza eta danak lortzeko azterketa egin zuten Errenterian. Honen harira Alvaro Mendibek 5. dana eskuratu zuela argitaratu genuen, baina ez zen azterketa horretan Lasarte-Oriako ordezkari bakarra izan.
Izan ere, Gorka Aristegik entrenatutako hiru gaztek Maite Matxain, Julen Sasian eta Imanol Urkolak azterketa gainditu zuten eta LOKEko judo sailak hiru gerriko beltz berri ditu.
Julen Sasiainek 8 urte zituela hasi zen LOKEn judoa egiten eta 18 urterekin lortu du gerriko beltza. Maite Matxainek ere 18 urte ditu, baina Billabonan hasi zen judoan eta LOKEn urte batzuk daramatza gogor lanean eta Imanol Urkola 16 urteko gaztea ere Billabonan hasia eta LOKEra etorritakoa dugu.
Gerriko beltza lortzeko txapelketa berezi batean parte hartu behar izan zuten judokek puntuak lortzeko eta ostean epaimahaiaren aurrean azterketa teknikoa egin zuten, galderak erantzun eta kata bat egin.
Gorka Aristegi entrenatzailearen hitzetan, “oso garrantzitsua da, meritu handia dute hirurek”. Gainera, LOKEko judoken entrenamendua gerriko beltza lortzera zuzendua dagoela azaldu du.

Asteburuan txapelketak
Honela, larunbatean LOKEko infantil eta kadeteek, Amaia Curiel, Leire Zubizarreta, Esteban Martinez, Mario Garrido, Asier Sagasti eta Yeray Garciak Iruñean txapelketa dute. Igandean, berriz, Gipuzkoako Junior txapelketa burutuko da Hernanin eta bertan ere Arrate Oiartzun, Julen Sasiain eta Iñaki Elizalde lasarteoriatarrak lehiatuko dira.•