Ana Urchueguiaren aurkako mozioak ez du aurrera egin

Txintxarri Aldizkaria 2007ko abenduaren 17a

Ostiral eguerdian ez ohiko udal batzarra ospatu zen Lasarte-Oriako udaletxean eta gaia, ondorengoa: Ana Urchueguiaren dimisioa. Joxe Goikotxeak, mozioa aurkeztu zuten taldeen ordezkariak, mozioa irakurri zuen eta bertan dimisioaren zergatiak azaldu zituen: "You Tubeko bideoetan Ana Urchueguiaren jarrera onartezina da... Bideoak hainbat datu ekonomiko eta diruaren banaketaren inguruko irizpidea jarri ditu mahai gainean. Hori dena kezka iturri bihurtu da lasarteoriatarren artean, herritarrok ez baitakigu Somotorekin senidetzea nola ari den gestionatzen". Hau dela eta, "bi herrion arteko senidetza aztertuko duen udal batzorde berezi bat osatzea eskatzen dugu". Batzorde honen egitekoak ondorengoak lirateke: "Kanpoko auditoretza lanak eskatzea, lankidetza proiektuen alde teknikoak nahiz ekonomikoak azter ditzaten, eta gaur egun Lasarte-Oriako Udalaren lankide diren ASODECOM eta OHLOS erakundeen jardunbidea ere azter dezaten".
EAE-ANV, EAJ, PCLO eta EA alderdiek Ana Urchuegiaren dimisioa eskatzen duen mozioa bozkatu zuten udal batzarrean. Alderdi sozialistak, alderdi popularrak eta Ezker Batuak mozioaren kontra bozkatu zuten, beraz Ana Urchueguiak bere karguan jarraituko du Somotorako dirulaguntzak kudeatzen.•